'Crowdfunding' bidezko proiektuen inguruko solasaldia izango da ostiralean

Urolab laborategia 2014ko mai. 28a, 13:52

Urolab taldeak, Urola Erdian ekintzailetasun kultura bultzatu nahi duen mugimendu irekiak, 12 hilabete 12 ekintza leloari jarraipena emanez, hilaren amaierarako ekintza berri bat antolatu du. Maiatzeko azken ostiralean, hilak 30, Crowdfunding-aren inguruko solasaldia egingo da.

Crowdfunding bidezko proiektuak deituriko jardunaldia 18:00etan hasiko da Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, eta 20:00ak inguruan amaitzea espero da. Solasaldira, abian jartzera doan Karena Crowdfunding egiturako sortzaileak gonbidatu dira. Aipatu, Karena Euskal Herri mailan sortuko den lehenbiziko crowdfunding plataforma dela, eta auzolanean sortutako proiektuei finantziazioa lortzen laguntzeko bitartekoa izan nahi duela. Gonbidatuek beraien proiektu aitzindaria aurkezteaz gain, proiektu ekintzaileen finantziazioaren inguruan euren esperientzia azalduko digute. Ondoren, Urolab-en barne proiektu batekin Karenan parte hartzeko jarraitu behar diren pausoak azalduko dizkigute. Mahai-inguru batekin emango zaio amaiera maiatzeko ekitaldiari.

Honats, Karena Crowdfunding iniziatibaren aurkezpena laburbiltzen duen bideoetako bat: www.youtube.com/watch?v=tjpqhlgGPOw .

Ekitaldian parte hartu ahal izateko eskertuko genuke aurrez izena ematea urolabtaldea@gmail.com posta bidez. Ekitaldiaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, www.urolab.eus webgunea bisitatzea besterik ez duzu.

Bide batez, hemen dituzue ikusgai 12 hilabete 12 ekintza lelopean orain arte taldeak burutu dituen ekintza ezberdinak.

U-31: https://www.youtube.com/watch?v=rwdopLPv4Ls

O-28: https://www.youtube.com/watch?v=4IExmfVq2pU

M-28: https://www.youtube.com/watch?v=7GNmtEanR5k

A-25: https://www.youtube.com/watch?v=pgFxLCGj6rY

Besterik gabe, interesgarria irudituko zaizuelakoan ekitaldian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide