Aukera zabala ematen du Antxieta musika eskolak: lau urteko txikienekin hasi, eta adinean inolako mugarik jarri gabe, interesa eta gogoa duen edonork ikas dezake. Solfeoa ikasteaz gain, ahotsa lantzeko eta hainbat instrumentu ikasteko aukera dago gainera: metalezkoak, haizezkoak, egurrezkoak, perkusioa, pianoa, gitarra, akordeioa, sokazkoak zein tradizionalak. Norberak bere parekoa topatzeko moduan.
Erritmoa, entolazioa, musika tresna txikien erabilera, adierazpena eta gorputz mugimendua lantzen dituzte, besteak beste, eta hori, era dinamiko eta dibertigarrian egiten saiatzen dira. Hezkuntza sistema konkretu bat erabili gabe, saio zatituekin, erritmo jolasekin, abestiekin, ipuinekin, dantzekin eta abar lan egiten dute.
Urte amaierako emanaldia, ekainaren 18an
Eta landu bakarrik ez, egindako lana erakusteko, urtean zehar emanaldiak egiten dituzte. Herriko festetan kaleak girotzen aritzen dira, batetik, Betharram aretoan formatu txikiko emanaldiak ere egiten dituzte, eta Sanagustin Kulturgunean zein Soreasu Antzokian formatu handiko emanaldiak. Herriko beste taldeekin elkarlanean ere egiten dituzte ekitaldiak, esate baterako, Sanjuanetan.
Aurten, urte amaierako ekitaldia ekainaren 18an egingo dute Soreasu antzokian, 19:30etatik aurrera.
Izena emateko informazio gehiago nahi duena musika eskolara bertara joan daiteke, (10:30etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era, ostiral arratsaldean izan ezik), edo, telefonoz deitu: 943 81 62 63.