Behin betiko onartu du Udalak gazte lokalak arautzeko ordenantza

Uztarria.eus 2014ko eka. 5a, 18:12

Ordenantza behin-behinean onartu zenetik, inork ez du alegaziorik jarri haren aurka. Hala ere, testua zuzendu eta berridatzi egin dute, funtsezko aldaketarik egin ez dioten arren. Beraz, Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin onartu dute udal-ordenantza.

Gazte lokalak arazutzeko ordenantza behin betiko onartu du Udalak. Duela bi hilabete onartu zuten, behin-behinean, udal-ordenantza; ekainaren 3ko udalbatzarrean, berriz, behin betiko onarpena eman diote, Bilduren eta Hamaikabaten babesarekin eta EAJren aurkako bozekin.

Imanol Amenabar Gazteria saileko zinegotziak esan du apirileko "hitzarmen bera" dela onartutakoa, baina "egokituta". Berridatzi egin dute, zenbait puntu ez zirelako ondo ulertzen. Eneko Etxeberria alkateak, berriz, adierazi du ordenantza behin-behinean onartu zutenetik inork ez duela jarri alegaziorik.

Beraz, udal ordezkarien babesarekin, datorren astean argitaratuko dute ordenantza berria. Hori indarrean jarri ondoren, hilabete inguruko epea dute gazte lokaletako ordezkariek erregistro fitxak betetzeko eta Gazte Informazio Bulegoan uzteko. Paper horiek lokalera itsiko zaizkie edo bulegoan bertan izango dituzte eskuragarri.

Ordenantzaren ezaugarriak

Honakoak dira udal-ordenantzaren puntuetako batzuk:

  • Gune guztiek kontratua eta asegurua izan behar dute.
  • Lokal guztiek komuna eta ur-hartunea behar dute.
  • Derrigorrezkoa da su-itzalgailuak egoera onean izatea.
  • Sukaldea duten lokalen kasuan, erabiltzaileek 18 urte izan behar dituzte eta eraikineko jabearen idatzizko baimena aurkeztu behar dute. Horiek elkarte gastronomikoen neurri berdinak bete beharko dituzte, beraz, ke kanpaia eta eraikinaren teilaturainoko tximinia izan behar dute sukaldeko instalazioek, eta instalazio ziurtagiria ere eskatuko dute.
  • Sukaldea duten lokalak ikuskatu egingo ditu Udalak urtean behin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide