Auzotarrek nahiz bisitariek Espabilau Eguna ospatuko dute bihar Lasaon

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 6a, 11:44

Iaz ere ospatu zuten Espabilau Eguna Lasaon.

Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. 

Espabilau Eguna ospatuko dute bihar Lasaon, eta auzotarrek nahiz bisitariek ondo pasatzeko hamaika aukera izango dute, egun osorako egitarau oparoa antolatu baitute Azpeitiko eta Zestoako auzo horretan.

Nabarmentzekoa da goizean jokatuko duten lasaotarren arteko herri-kirol erronka. Hiru taldetan banatuko dira, adinaren arabera, 12-30 urte bitartekoak, 31-40 artekoak eta 41etik aurrerakoak. Besteak beste, trontzan, sokatiran, txingetan, pelotan eta zaku-karreretan neurtuko dituzte indarrak.

Indarraz eta bizkortasunaz aparte, ordea, sukaldaritza abileziak ere erakutsi beharko dituzte hiru talde horiek. Izan ere, herri-kirolen ostean paella lehiaketa jokatuko dute.

Goizean zehar hamaiketakoa eta salda eskainiko dituzte.

Egitaraua

11:00etan ttuntturroen kalejira.
11:30ean lasaotarren arteko herri-kirol lehia.
13:00etan paella txapelketa, herri-kiroletan aritu diren hiru taldeen artean.
14:00. herri-kirol eta paella lehiaketen sari banaketa.
14:30ean herri bazkaria.
16:00etan Mus Txapelketa.
17:00etan haurrentzako jolasak eta herri-kirolak.
Arratsaldean zehar. Argazki eta bideo emanaldia.
20:00etan Espabilau Bertso Kalejira trikitilariekin.
21:00etan aGfaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide