Ibarguren lehena Anoetan

Ibarguren Anoetan, lasterketa irabaztean.

Igande goizean Anoetako XXXI. M. Oiarzabal-A. Urkola-ren oroimeneko proba jokatu zen. Izena emandako 82 txirrindulariek ia 90 kilometrori egin behar zioten aurre, hasieran Lizartzara bi itzuli eginez eta ondoren Orendain eta Altzoko portuak pasata.

Lasterketa oso bizkorra izan zen, Lizartzara bidean hamar hamabosteko taldetxoak eratzen ziren, baina sekula ez zuten distantziarik hartzen. Bigarren itzulian sartuta, horietako ihesaldi batean, bederatzi gizonek ihes egin zuten, Ibarguren tartean. Orendain igota, Oier bera pasa zen lehen postuan mendiko sariko lehen portu puntuagarrian eta Amezketara jaisteari ekin zioten. Orduantxe iritsi ziren pelotoitik irten ziren lehen txirrindulariak, nahiz eta berriro sakabanatu zen guztia Altzo igotzean. Laukote bat gelditu zen buruan: Aratz Olaizola (Zarauztarra), Gotzon Martin (Ugao) eta Unai Orbea eta Oier Ibarguren azpeitiarrak (Lagun Onak). Mendatean Orbea Pasa zen lehen postuan baina Oierrek hirugarren pasatzea lortu zuenez mendiko saria eskura zuen (proba amaitu beharra baitzeukan). Laukote horretan jolasean aritu ziren Tolosatik Anoetara bitartean, erdizkako errelebo asko eta elkarri begira aritu baitziren. Atzetik hirukote bat ere gerturatu zitzaien, baina berandu izan zen haientzat aurrean lasterketa erabakiko zuen esprintari ekin baitzioten.

Oier Ibarguren izan zen probako garailea Aratz Olaizolari aurre hartuta. Hirugarren izan zen Gotzon Martin eta laugarren Unai Orbea, azken metroetan Ibargurenentzat lan bikaina burututa. (Ikus Sailkapen osoa)

Larunbatean, berriz, Gipuzkoako Taldekako Erlojupeko Txapelketa jokatu zen Alegin. Ezin esan emaitza onak lortu zituztenik azpeitiarrek. Kadeteetan lehen taldea 7. eta bigarrena, berriz, 13. izan ziren. Hala ere, txapelketan postu bat aurreratu zuten biek, izan ere talde mixto bat baitzegoen beraien aurretik eta ez baitzuten puntuatzen Gipuzkoako Txapelketarako. Jubenilak berriz, 6.ak izan ziren. Bi kategoriatan Andoaingo taldea nagusitu zen. (ikusi sailkapenak: jubenilak eta kadeteak).

Zapatu honetan Zarautzen izango dira Lagun Onakeko txirrindulariak, eta igandean Oñatin Euskadiko Txapelketa izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide