Abian jarri dute 1936-1945 urteetan herrian izandako errealitatea ikertzeko programa

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 12:44

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute ikerketa, eta urte horietan errepresioa jasan zuten pertsonei edo senideei buruzko datuak, argazkiak eta abar bilduko dituzte. Informazioa jasotzeko bulegoa ekainean egongo da irekita, asteazkenetan eta ostegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00tatik 20:00etara, Udal liburutegian.

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak abian jarri dute 1936-1945 urteetan herrian izandako errealitatea ikertzeko eta ezagutzeko programa. Urte horietan errepresioa jasan zuten pertsonei eta senideei buruzko datuak, argazkiak eta abar bilduko dituzte eta, horretarako, bulegoa zabaldu dute Azpeitiko Udal Liburutegian.

Bulegoa ekainean egongo da irekita asteazken eta ostegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta bertara joan beharko dute informazioa eman edo jaso nahi duten herritarrek. Horrez gain, 699 809 130 telefonora deitzeko edo www.aranzadi-zientziak.org webgunearen bidez harremanetan jartzeko aukera ere izango dute. Aranzadikoek jakinarazi dutenez urte osoan zehar jasoko dute dokumentazioa. Udal liburutegiak gonbidapena luzatu die azpeitiarrei herriaren oroimen historikoa berreskuratzen laguntzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide