Ematen du, Jainkoak mundua sei egunetan egin ondorengo zazpigarren egun hartan, hor bertan hartu zuela atseden. Edo oraindik areago: ematen du, Bibliaren Itun Zaharraren Hasiera honela hasten dela: "Hasieran Jainkoak Azpeitiko kioskoa egin zuen". Gero etorri ziren zeru-lurrak, argia eta osterantzekoak.
Dena den, hori ez zen horrela izan. Izan ziren azpeitiar gizaldi batzuk, gehienak, plaza kioskorik gabe ezagutu zutenak, eta haiek esaten zuten "betitik plaza hutsa ezagutu dugu".
Izango ziren baten batzuk bere garaian erabaki zutenak (alkatearen eta udalbatzaren inposizioz, erreferendumez, edo garizuma bera baino luzeagoko asanblada-prozesu baten bidez) plazan kioskoa jarri behar zela, konparazio batera, herriko musika bandak han jo zezan igandeetan; eta bide batez, zergatik ez, azkoitiarrek inbidia apur bat senti zezaten munduaren zentrora etortzen zirenetan.
Eta orain ere, erabaki egin behar omen dugu nolakoa nahi dugun herriko plaza. Eta dakitenek esaten badute artistikoki, kulturalki, ondareari dagokionez, ez duela balorerik, ba zer nahi duzue nik esatea.
Niri kioskoak errezildarrak gogorarazten dizkit. Zehazki, Errezilgo mutil azkar hark irakasleari erantzun ziona. Irakasleak galdetu zion ea etxean zer egiten zuen, eta umeak erantzun zion: "Nik? Enbarazu".
Gure kioskoak bezalaxe.
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.