Europa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko eka. 16a, 13:15

Beste bost urterako artzaina aukeratu dugu. Edo artzaina aukeratzen dutenak aukeratu ditugu. Europa, Europa eta Europa. Eta Europak ni aspertu egiten nau, Europak ez nau batere tentatzen.

Gero eta xelebreagoa bai baina tontoa ez, eta badakit, nire egunerokoan, ia inork zer den ez dakien Europa horrek, eragin itzela duela. Ni neu naiz besteen ongizaterako ezer gutxi egiten dutenen zerrendan aurrenetakoa (beste askorekin denbora berean), baina gizatasunik ez duen Europa honek ez nau batere erakartzen.
 
Nigandik urrun gelditzen ari den elkarte elitista baten tankera hartzen diot. Demagogia izan liteke, xinplea, azalekoa, baina mundu osoko kide sentitzen banaiz, mundu osoko kideentzat aukera eta eskubide berdintasuna desio dut. Eta hori egin ahal izateko mundu honetan jakituria soberan dago, gogoa faltan.
 
Europar izateak ez nau motibatzen, euskal herritar izateak ere ez... Nire izaerari balio erantsia ematan dion R bakarra azpeitiar izatea da. Azpeitiarra, euskalduna eta real-zalea, luxua hori da, benetako kabiarra.
 
Eta irailetik aurrera, hor zehar ditugun kolonietakoren batean oporrak pasatu eta metropoliko paradisura itzulitakoan, geure artzaina aukeratzea izango dugu zeregin nagusietakoa.
Ea alkate izan nahi dutenek ere ulertzen duten, herri honetako alkate izatea bizitzan izango duten zereginik nagusienetakoa izango dela. Herria alderdien gainetik.
 
Merkelen morroi izateak ez nau asetzen. Etxeberria, Gorrotxategi edo dena delakoaren herritar izateak, bai. Azpeitiarra, ez azpeitianoa.
 
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide