Atsekabe eta esperantzarik ezaren mezuek etengabe bonbardatzen gaituzten garai hauetan, honelako berriek ematen duten indarrak ez du parekorik. Are gehiago, Cristiano Ronaldok Txapeldunen Ligan emandako kabernikola erakustaldiaren ondoren, bezperan, Lisboan, milioiak dantzan zebiltzanean. Bere ligako aurrekonturik baxuenarekin, euskal jokalari ugari ohorezko hamaikakoan izanik, eta 1,7 milioi euroko inbertsioa egitera beharturik, armaginek Bixentek, Artetxek, Karmonak, David Silvak edota Gaizka Garitanok lortu ez zutena erdietsi dute, egungo futbol munduan miraritzat kalifikatu den lorpena. Baina, miraria da benetan? Ez horixe.
Oinarrizko lau zutabe
Hainbat faktorek lagundu duten arren, kasu honetan esango nuke bizitzaren edozein eremutara eraman daitezkeen oinarrizko lau zutabek ahalbidetu dutela gertakaria: egin nahi dena garbi edukitzea, taldekide guztien inplikazioa, konstantzia eta norbere buruan sinestea.
Ideiak argi edukitzea ez da soilik entrenatzailearen edo zuzendaritzaren meritua. Hori izan daiteke ideiaren motorra, euren erabakien arabera antolatuko baita taldea. Talde sendoa, orekatua eta borrokalaria, etsiko ez duena, eta ezaugarri bereziak dituzten taldekideak. Baina kideek eurena egin behar dute ideia, sentitu, bizi eta, ondorioz, inplikatu. Hor dago ideia transmititzen duenaren balioaren isla. Ideiak eduki, baina ingurukoengana iritsi, partekatu eta ondorioen arabera berrantolatu ezean, jai dago. Hitz egin, entzun, eta bakoitzaren ezinbestekotasuna transmititu, rol guztiak beharrezkoak direla sinestarazi, eta horrela dela erakutsi. Horrek geldiezina egiten du edozein talde, bihotza ematen baitio.
Baina ez da nahikoa. Benetan ideia garatzeko, epe ertain eta laburreko helburuek etengabeko birprogramazioa behar dute, baita rolek ere; eta hori ideia iparrorratz gisa hartuz soilik lortzen da, zer lortu nahi den etengabe gogoraraziz, konstantzia izanez. Norbere buruan zalantzak sortzen hasten direnean nora begiratua, erreferentzia komun bat falta bada, nekez mantenduko da baturik taldea. Eta ideia berehalakoan lortzen ez bada, lortzeko bidean bakoitza norbere esku dagoena egiten ari dela jakitea ere, harrotasunez lanean jarraitzeko arrazoi nahikoa bilakatzen da.
Horregatik, elkar loturik dauden lau zutabe horiek pertsonon edozein esparrutan erabilgarriak iruditzen zaizkit. Emaitzak eta presak mugitzen gaituzten garaiotan, erabakiak eraginkortasunaren eta errentagarritasunaren menpe dauden munduan, beste eredu batek, beste bide batetik, emaitzak eman ditzakeela ikusteak, sekulako poz eta esperantza dosia ematen du.
Besterik gabe, zorionak Eibar, eta animo beste eredu bategatik lanean ari zareten guztioi!
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.