Ilusioa dute begietan. Guztia prest, eta hilabeteetan su txikian egositakoa, festa handi batean herritarrei erakusteko gogoa. Sanagustinen izango da Elvisavuelo Gospel Band taldearen kontzertua, larunbatean, 22:00etan. Printzipioz, kontzertu bakar bat ematekotan dira. Asteazkeneko entseguko irudi batzuk dira hauek, aurrerapen gisa.
Kalean sortutako proiektu bat da. "Kalean topatu, eta proposamena egin zidan...", Jon Alberdik Olatz Prati, Elvisavuelo Gospel Band-en abesteko. Urte batzuk lehenago, "kalean topatu eta proposamena egin zidan", Pitik Alberdiri, Elvisavuelo proiektua abiatzeko. Kalean batu dira. Herrian saltsa bateak eta bestean dabiltzanek badute elkarren berri, eta baita elkarlanean aritzeko joera ere.
Horixe da larunbatean Sanagustinen topatuko duguna: elkarlanaren emaitza. Piti eta Olatz Prat izango dira bakarlari, KBeat taldekoek egingo dituzte koroak (Jaime Amenabar, Felipe Murillo, Josetxo Brey, Ruben Fernandez, Aizpea Ibarbia, Ainhoa Miguel, Onintza Rico, Ines Mateos), eta herriko hainbat musika taldetan aritutakoak izango dira musikari (Pello Larrañaga baterian; Iosu Azkue baxuan; Itziar Beitia pianoan; Balta Etxeberria teklatuetan; Iosu Garate gitarran; eta Jon Alberdi gitarran).
Gospel kontzertu bat eskainiko dute, batik bat Elvis Presleyren kantuekin, baina ez harenekin bakarrik. Pop eta rock kantuak ere sartu dituzten gospelizatuta, kantu ezagunak nahi zituztelako, eta gospelean ez zutelako nahi bezain besteko aukera topatu. Bertako bi kantu ere joko dituzte: Jotakieren Zure begietan eta Fundiziyuen Zentzu bila.
Guztiaren hasiera Elvisavuelo proiektuan dago. Alberdik Fundiziyue taldean jotzen zuen orduan, eta Pitik proposatu zion Elvisekin zerbait egitea. Fundiziyue amaitu zenean sortu zen Elvisavuelo. Haren "arrakasta" ikusi zutenean gospel kontzertu bat emateko aukera aztertu zuten. "Urteetako kontua da gospelarena. Jaimerekin bere garaian hitz egin nuen ideia horretaz". Orduan ez zuten egin, baina orain bai. Joan zen irailean hasi zen Alberdi bati eta besteari proposatzen eta taldea egituratzen.
KBeat taldeak ilusioz hartu zuen proiektua, eta ez zuten zalantzarik egin baietz esaterako orduan: "Interesgarria da. Gu ez gaude ohituta musika elektrikoa egiten duen talde batekin abesten. Gauza berria da, oso desberdina, eta ilusio handiarekin hartu genuen. Honetan esperientziarik ez daukagu, baina ilusioa asko".
Halaxe hasi ziren. Elkartu ziren, eta ideia buruan zuten, baina dena egiteko. "Kantuak ere aukeratu gabe zeuden", dio Alberdik. Pixkanaka landu zuten, eta denen artean egin zutela diote. Giro ona izan dutela, baina arazo teknikoak ere topatu dituztela. Entseguetarako lokala, adibidez, ez da oso handia, eta horma batek bereizten ditu musikari eta bakarlariak eta koroa. "Une batzuetan estutu ere egin gara, ez ote garen iritsiko beldur". Baina iritsi dira, eta pozik daude. Gogoz.
Doan izango da ikuskizuna. Sarrerarik ez jartzea erabaki dute, borondatea eskatzea jendeari, eta handik betetzen duten zakua Santos Ramon Gomezi emango diote, Duchenne izeneko giharretako gaixotasunari aurre egiten laguntzeko. Gustura eta oso eskertuta daude Santos Ramon Gomez eta bere aita. "Euskal gizarteak asko lagundu digu, eta Azpeitiak ere bai. Horretan jarraitzen dute gainera. Eskerrikasko benetan".
Gainera, ez dute dirua jaso bakarrik egingo. Beraiek ere aportatuko dute. Abesti batean gitarra joko du Santos Ramon Gomezek. Ilusioz mintzo da. "Beti izan dut gogoa gitarra ikasteko, eta Alberdik erakutsi dit". Urduri dago larunbaterako, eta pozik.
Kartelaren egilea ere herrikoa
Herriko sortzaileen elkarlana erabatekoa izan da proiektu honetan; baita kartela egiterako orduan ere. Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrari eskatu zioten, eta hark baietz, gustura egingo zuela. Kostatu arren, lortu zuten denak batera estudioan elkarteko eguna eta ordua jartzea. Han egin zizkien argazkiak Rodriguezek, eta argazkiarekin egin dute kartela. Guztiak daude gustura argazkiarekin.