Aurrerabiderako ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2014ko eka. 20a, 13:07

'Berria'-n 'Egunkaria auziaz' gaur argitaratutako analisia.

Fiskaltzak esan du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen kontra aurkeztu duen helegitea "formazkoa eta soilik teknikoa" dela, ez dela edukian sartu. Mamia politikoa denean. Jo daiteke atzera, hemerotekara.

Egunkaria-ren aurka lehendabiziko operazioa egin zutenean —2003ko otsailaren 20an—, Guardia Zibilak Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria atxilotuei ez zien soilik Egunkaria-ren eta ETAren ustezko harremanaz galdetu, euskalgintzako enpresei buruz ere egin zizkien galderak. Egunkaria SAko administrazio kontseiluko presidentea zen Torrealdai, kontseilari ordezkaria Uria. 1990etik euskarazko egunkari nazionala egonkortzen aritu ondoren, azkeneko urteetan herri proiektua emantzipatzeko urrats garrantzitsuak egiten ari ziren Torrealdai, Uria eta konpainia, beste eragile batzuekin: Kontseiluaren sorrera, Martin Ugalde kultur parkea, eskualdeetako eguneroko kazeta... Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Zerbitzuen Buruzagitzak ez zuen alferrik osatu txosten bat 2001eko ekainaren 6an; "enpresa sare batek ustez haremana du ETA erakunde terroristaren finantzaketarekin", zioen, eta karameloa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eskuetan zen hurrengo egunerako. Juan del Olmo izan zen txostena ontzat jo zuen epailea. Estatuaren operazioa martxan zen.

"Atila bezala sartu ziren etxean, atea kolpeka txikitu eta sekulako iskanbilarekin. Hura poema beltza, haur maiteen aurpegietan irakurri nuena!". Torrealdairen hitzak dira, 2003ko martxoaren 18ko Egunero-ko elkarrizketakoak. Poema beltza, hortaz. Atxilotuta, Jakin-en egoitzara eraman zuten —han egiten zuen lan—, baina Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren bulegoetara ere pasatu ziren guardia zibilak, miatzera. Jomuga gehiago zituzten Guardia Zibilak eta Del Olmok. Torrealdai: "Elkar-Zabaltzen konnotatzeko eta jotzeko gogo bizia sumatu nien. Eta, bide batez, Martin Ugalde kultur parkea. Eskema operatiboak ez du akatsik: 'Euskal Herria euskalduntzearen alde dagoen oro ETAren estrategia ari da indartzen'".

Zetorrenaz ikaratuta zegoen hura, elkarrizketa hartan aitortu zuenez. "Euskalgintzaren bihotza jo dute:Egunkaria. Euskalgintzaren indar kohesionatzaile handienetakoa, giltzarria, formatzailea eta informatzailea, legamia, euskal kultura esparru propio eta autonomo gisa tratatzen eta eratzen duena da. Sarekada honek diseinu zehatzagoa du atzean". Enpresa zerrenda bat aipatu zuen Egunero-n. Uriak ere zioen operazioa zabalagoa zela, ez zuela Egunkaria bakarrik joko. "Beldurra sartzeko mezua" igorri zuten Guardia Zibilak eta epaileak, haren ustez.

Etorri zen bigarren operazioa: 2003ko urriaren 16an, Egunkaria-ren auzi ekonomikoa deiturikoa. Aurrez, hura dena "politikoa" zela ohartarazia zuen otsailean atxilotu zuten beste lagun batek: Txema Auzmendik.

Ondorioz, gerora auzipetu zituztenek hasieratik bertatik kokatu zuten auzia: Espainiako Estatuak euskalgintzaren aurka egindako erasoa zen; hots, Euskal Herriaren kontrakoa.

11 urte pasatu dira, eta kazetaren itxieraren auzia bukatu zen, 2010ean, Auzitegi Nazionalaren absoluzioarekin. Epaiak zioen ez zegoela harremanik Egunkaria-ren eta ETAren artean. Baina Egunkaria itxita dago. Fiskaltzak orain ezin du ETArik aitatu, baina euskalgintza, enpresa eta finantzaketa kontuek hor jarraitzen dute harentzat, delitua dagoelakoan. Maila pertsonalean, oraingo auzipetuek kasu nagusian baino kartzela zigor eta isun eskaera handiagoak izateko arriskua daukate. Fiskaltzaren apelazio helegite hau Guardia Zibilaren 2001eko txosten haren ondorioa baizik ez da, egokitutakoa.

2003ko urtarrilean, Joxemi Zumalabe Egunkaria-ren sortzaileetakoaren heriotzaren hamargarren urteurrena zela eta, beraz artean Egunkaria bazela, Josu Landak euskalgintzaren batailez eta gerraz idatzi zuen han. "Euskalgintza bezalako hitz potoloa, Joxemiren klabean interpretatzen ausartuta, uneko batailen bidez azkenburuko gerra irabaz daitekeela sinestea litzateke". Uriak geroago, Aranjuezko kartzelatik, euskalgintzak gerra irabazteko-edo politika kontuak zekartzan azalera: "Bada garaia handiaren beldurrez beti men egiteari uko egiten hasteko. Gure erakundeek Espainiak nahi duena egiten badute, espainiarrago bilakatuko gaituzte. Gure erakundeak ez dira horretarako. Gure gizartean elkarbizitza normalizatu nahi bada gure erakundeak adostasun politiko aski bat bilatu behar dute, eta garbi dago Estatutua ez dela nahikoa. Autodeterminazio eskubidea eta hizkuntzaren aldeko erabaki irmo aski bat beharrezkoak dira elkarbizitzarako".

Izan ere, "nork babestu behar gaitu euskaldunak?", galdetu zuen Uria presoak 2003an. 2004an, berriro espetxetik: "Babesa eskuratzeko modu bakarra Justizia sistema beregaina lortzea litzateke". "Estatua" ere aipatu zuen aurretik. Urteak pasatu dira. Eta atzo auzipetuek: "Noiz egongo da Justizia gure esku, gure erakundeen esku?". Haiek, berriz ere gaia kokatuz: euskal herritarren burujabetzarik eza.

Menpeko egoeran arazoen sorburua eta irtenbidearen giltza non diren jakitea ezinbestekoa izan ohi da aurrera egiteko. Espainiako koroari itun berria edo gobernuari erabaki eskubideaz akordio bat erregutze hutsak horma du aitzinean, aurrerabiderik ez. Hori frogatzeko ez dago zertan jo berriro hemerotekara.

---

Egunkaria auziari buruzko webgunea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide