Oier Ibargurenek tarteko helmugen saria eta etapa irabazi ditu Gipuzkoako Itzulian

Uztarria.eus 2014ko eka. 24a, 02:47

Ibarguren, helmugan. (Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa)

Ostiralean hasi zen jubenilen itzulia, eta atzo amaitu zen. Igandeko lasterketa irabazi zuen Lagun Onak taldeko txirrindulariak, eta tarteko helmugen sailkapenean lehen postuan jarri zen. Atzo, astelehena, mantendu egin zuen postua.

Oier Ibarguren Lagun Onak taldeko txirrindulariak tarteko helmugen saria eta etapa irabazi ditu Gipuzkoako Itzulian. Ostiralean, ekainaren 20an, hasi zen jubenilen proba; eta atzo, astelehena, amaitu zen. Ibargurenek igandeko lasterketa irabazi zuen, Andoainen. 92 kilometro zituen lasterketak, eta sei segundoko aldea atera zion azpeitiarrak bigarren sailkatuari; hirugarrenari, berriz, hemeretzi segundokoa. Egun horretan, tarteko helmugen sailkapenean ere lehen postuan jarri zen Ibarguren, sei punturekin; eta atzo, astelehena, hamaikarekin irabazi zuen saria. Igandeko lasterketako sailkapen osoa ikusgai, hemen.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Unai Orbeak lortu du klubeko posturik onena. Orbea zazpigarrena izan da sailkapen orokorrean, eta lehen sailkatuak baino minutu bat eta 33 segundo gehiago behar izan ditu itzulia amaitzeko. Lehen urteko txirrindularien zerrendan, berriz, hirugarren tokia lortu du. Izan ere, lehen urteko eta bigarren urteko jubenilak lehiatu dira Gipuzkoako Itzulian; Ibarguren eta Orbea, hain zuzen, lehen urtekoak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide