Ostiralean izango da Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako bigarren finalerdia

Uztarria.eus 2014ko eka. 24a, 13:23

Igandean izan beharrean ostiralean, ekainaren 27an, jokatuko dute bigarren finalerdia, 19:00etan hasita. Pasa den astean jokatutako finalerdian Ansa eta Martiarena, eta Otaegi eta Etxeberria erremontistek osatutako Azpeitia A taldea izan zen irabazlea.

Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako bigarren finalerdia ostiralean jokatuko da, nahiz eta txapelketaren aurkezpenean partida guztiak igandean izango zirela iragarri zuten. Ostiralean, 19:00etan hasiko dira norgehiagokak eta Azpeitia B taldea Urrestilla taldearen aurka lehiatuko da, Izarraitz pilotalekuan. 

Lehenengo partidan afizionatuak arituko dira, Azpeitiko taldeko Matxin VII.a eta Areizaga, Urrestilla taldeko Goikoetxearen eta Zalduaren aurka. Profesionaletan, Matxin VI.ak eta Agirrezabalak (Azpeitia B), Etxeberria IV.aren eta Aizpuru III.aren (Urrestilla) aurka jokatuko dute.

Lehenengo finalerdian Azpeitia A taldeak eskuratu zuen finalerako txartela sei puntu lortuta. Sei puntu horietatik lau Ansa eta Martiarena afizionatuek eskuratu zituzten, eta Otaegik eta Etxeberriak bi puntu lortu zituzten profesionaletan. Azpeitia C-k profesionaletako partida irabazi egin zuen arren (35-40), ezin izan zuen afizionatuetan punturik eskuratu 22 tantotan gelditu zen eta. Beraz, nahiz eta talde bakoitzak partida bana irabazi, puntuak batu ondoren, Azpeitia A taldea izan zen irabazlea. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide