Baigera Jubilatuen Elkarteak bi ibilaldi antolatu ditu uztailerako. Uztailaren 4an, ostiralean, Azpeitian zehar ibilaldia egingo dute herria hobeto ezagutzeko asmoarekin. Uztailaren 12an, larunbatean, berriz, egun osoko ibilaldia egingo dute Errioxan.
Uztailaren 4rako, Azpeitiko hiribildua nolakoa zen ezagutzeko ibilaldia antolatu du Baigerak. Olatz Aranguren Juaristik gidatuko du ibilaldia, eta herriko leku desberdinak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Besteak beste, Goiko Errota, Madalenako ospitale berritua, Harresi Zaharra zein dorreak bisitatuko dituzte, eta ibilaldiaren amaieran, lagunarteko luntxa egingo dute Baigera I tabernan. Interesa duen edonork har dezake parte ibilaldi horretan, eta 10:00etan Artzubiko biribilgunean elkartuko dira.
Egun osoko mendi irteera Errioxara
Uztailaren 12an, larunbatean, Errioxara mendi irteera egingo dute, Baigerak antolatuta. Egun osoko ibilaldia izango da, eta izena ematen dutenak 8:00etan elkartuko dira San Martin egoitzaren aurrean; 18:30ak inguruan izango da itzulera ordua. Bertan, Leon dormido mendiari itzulia, Barriobustoko upategian hamaiketakoa, Labraza herriko harresiari eta dorreari bisita eta herri horretan bertan bazkaria egingo dituzte, besteak beste. Ibilaldi horretarako izena uztailaren 1etik aurrera eman ahal izango da Baigeraren bulegoetan, eta 25 euro ordaindu beharko da.