Ostegunean amaituko da Lizarrako ibilaldirako izena emateko epea

Uztarria.eus 2014ko eka. 24a, 17:37

Ekainaren 28tik 29ra joango dira gaztetxoak Lizarrara. Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eman behar da izena; bazkideek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, 35.

Ostegunean, ekainaren 26an, amaituko da Lagun Onak Mendi Bazkunak Lizarrara (Nafarroa) joateko antolatu duen ibilaldian izena emateko epea. Ekainaren 28tik 29ra, zapatutik igandera, joango dira gaztetxoak Lizarrara. Hara joan nahi dutenek Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eman behar dute izena. Bazkideek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta 35 euro, berriz, gainontzekoek.

Honakoa da ibilaldiaren egitaraua: ekainaren 28an, larunbatean, 8:30ean irtengo dira plazatik izena ematen dutenak. Handik Lizarrako portura joan dira, atobusez. Ondoren, Irantzuko monastegira joango dira gazteak, eta, eguraldiaren eta jendearen arabera, Irantzuko monastegitik Urbasa aldera abiatuko dira. Lizarrako kanpinean igaroko dute gaua, eta igande goizean, Donejakue bideko zatia egingo dute. Arratsaldean itzuliko dira Azpeitira.

Bestalde, mendi bazkunak jakinarazi du kanpina eta lotarako zakua norberak eraman beharko dituela. Kanpinik ez dutenek aterpean lo egiteko aukera izango dute, baina zakua beharrezkoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide