Iñigo Aranbarriren Apirila nobelaren karietara hogeitaka lagun batu ginen eleberriaren eta historiaren zimurrak doi bat lisatu guran. Azkoitia-Loiola-Azpeitietan duela 248 urte gertatutakoei hautsak kentzen saiatu ginen geure erara: egoera ekonomikoa, elizaren logika, jauntxoen arrazoibideak, estatuaren politika, herritarren bizimodua eta lanak...
Bi urte lehenago, ordea, 1764.ean, orduko elite goretsi horiek asmatu zuten Euskal Erdi honentzako aurrera egiteko formula Irurac bat lemapean. Merkataritza librea, kapitala eta wolframioa zoriontsu izatera helduko ziren bide horretatik agian baina, gaur bezalaxe, jende gehiena ez... Eta neure motzean iruditu zitzaidan festa egitarau horretan bat egiten zutela, nolabait, orduko eta gaurko handi-jendeak eta herritar xeheek, eta egin nuen garai hartako larderia eta gaurkoa ere ez direla izango zeharo desberdinak funtsean.
Entzun nuen elizara kanpai larrien hotsean nola zen deitua herria, ikusi nituen dantzariak txistu-danbolinaren atzetik Intxaustiko jauregira inguratzen, eta etorri zitzaidan sasoi hartako matxinatuen askazikoak gaurko nagusiekin bat egin, eta orduko eta gaurko kargudun eta agintariei begikotasuna erakusten ariko zirela alberdania sotilean.
Hortik aurrerakoa imajinatu eta irakurrita dakit: hitzaldiak, dantzak eta bestelako zeremoniak. Guk matxinatuen memoria ohoratu genuen, luze esan gabekoen lokatzatan gordetako jende haren izena eta eginak oroimenera ekarri eta haien errepresioa xaxatu zutenena azpimarratuz, jakinik jauntxo edo peluka haien omena gugandik bi pausotara ari zirela burutzen.
Jatorrean jator, 1764 urrun hartako Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zutenetako jaun prestuetako batzuk, handik bi urtera matxinatuen kontra heriotza zigorra eskatu zuten kopla epelik gabe, eta antza denez egundaino haien distirari ez die jokabide gordin horrek askorik erasan … Egia da matxinadan, jauntxoen eta eurek sustatutako milizien errepresioa iritsi arte odol tantarik ez zela isuri, nahiz jendearen ogia egon jokoan. Baina hala ere herritarrak noble haiekin builan eta dantzan nahastu eta euren mailara ekarri nahi izatea laidogarri gertatu zitzaien aberatsei, eta larrutik ordainarazi. Klaseen arteko mugekin broma gutxi.
Gainera matxinadak iraun zuen 10 egunak festa giroan eta gehiegizko bortxarik gabe pasa baziren ere, zenbait eskakizun ez ziren mamirik gabeak: alearen prezioak merkatzeaz ez ezik, lurren banaketaz eta herritarren bozkatzeko aukeraz ere serio hitz egin zen egun haietan. Eta zalduntxoak ez zeuden barkatzeko.
Baina ezjakintasuna aringarri dela onartu arren gero eta gehiago gara 1766ko gertaera nagusien jakinaren gainean gaudenak, hasia da iluntasunaren lausoa urratzen. Bistakoa da hala ere mendeotako huntzak goikoen alde jokatu duela, haien lotsariak estaliz eta izen onaren farfaila edergarriei bristada itsugarriak erantsiz. Aldiz, historiaren sasiak ehunka auzipetu eta zigortuak irentsi ditu ia, haien borrokaren arrastorik izan ez dadin, betirako isilak zaputz ditzan haien izenak eta ohorea, ahazmenaren zuloan lizun daitezen Maria Antonia Alberdi, Mikaela Larrañaga, Ana Maria Elorza, Maria Brigida Arteaga, Juan Bautista Urreta, Isidro Arana, Agustin Ozerinjauregi, Julian Segurola eta enparauak.
Dakienak ez du aitzakiarik zurigarri iruditzen ez zaizkion jokabideak eta hautuak zuritzeko. Eta zor historikoak ere kitatzeko daude, ez dago okasio txarrik horretan hasteko.
Hala ere, data borobilen xarmak limurtzen duenak abagune aproposa izango du bi urte barru 1766ko apirileko matxinoen memoria berreskuratzeko, baita orduko errepresioa gidatu zutenen oroimena ere, askok jarria dauzkaten idulki edo zutoin gainetik jaitsi eta jende neurrira ekartzen hasteko.
Egun ederra suertatu zen joan den larunbatekoa, memoria eta ospakizun eguna izan zen, baina batzuk eta besteak historiaren errekaren alde banatan gertatu ginen berriz, oroitzeko baino zer ospatu gehiagorekin batzuk, eta ospatzeko gutxi eta oroitzeko askorekin besteok, duela bi mende eta erdi bezalaxe.
Eta denok udan sartu ginen.