Alaitz Olaizola: "Herrian antzerkia indartsu dagoela esango nuke"

Haur eta nerabeen antzerki emanaldiaren kartela.

Haur eta gazteen antzerki tailerrak bi obra taularatuko ditu bihar, ostirala, 19:00etan Sanagustin Kulturgunean. Alaitz Olaizola izan dute bidelagun tailerrean. 17 lagun izango dira oholtzan. Aurretik idatzitako Habemus Zirkus lanaren moldaketa egingo dute gaztetxoek, eta txikienek, inprobisaziotik hasita beraiek osatutako lan bat. "Ez dago haurrekin lana egitea baino eskola hoberik, pautak markatzerako orduan", dio Olaizolak, galderei erantzunez.

Ilusioz egin du lan Alaitz Olaizolan haur eta gaztetxoekin. Ezagun du hitz egiterako orduan. Haur eta gaztetxoekin ez ezik, zaharxeagoekin ere egiten du lan, eta murgilduta dago Azpeitiko antzerki mugimenduan. Osasuntsu ikusten du.

Zenbat denboraz aritu zarete ostiralean ikusiko ditugun obrak lantzen?

Gutxi gorabehera urtarril otsailean hasten gara lan berrien lanketarekin. Txikiekin guztion artean sortu dugu obra, inprobisazioen bitartez.

Gazteekin berriz, aurtengoan lehendik idatzita nuen obra bat hartu dugu. Duela urte batzuk emakumeen antzerki tailerrekoentzat Habemus zirkus idatzi nuen eta lan hura berreskuratu dugu. Habemus Zirkus II jarri diogu izena, aldaketa txiki batzuk dituelako oraingo honek.

Zein da zuen lan egiteko modua?

Urrian ikasturte berriarekin hasten gara. Aurreneko hilabeteak jolasak egiten, inprobisazioa lantzen eta abar pasatzen ditugu. Gero, lan berriak martxan jartzen hasten gara.

Gazteekin ideia zaparradarekin ekiten diogu obraren sorkuntzari. Guztion artean erabakitzen dugu gaia, baita bakoitzak zer izan nahi duen ere. Aurtengoan eginda zegoen lan bat hartu dugunez, desberdina izan da, baina normalean aipatu bezala egin ohi dugu. Gero, ni arduratzen naiz obra idatzi eta forma emateaz.

Txikiekin, azken bi urte hauetan bestelako modu batean egin dugu lan. inprobisazioetatik abiatu eta errepikapenez testu bat osatzera heldu dira. Zoragarria. Behin lana eginda zegoenean pasa dut paperera guztia, jasota gera dadin gutxienez.

Testutik abiatuta zein errepikapenez, biak dira sekulako abentura. Ikustea nola gorpuzten den idea bat, edo paperean zegoen zerbait...

Haurrei zer aportatzen die antzerkiak?

Batez ere aske sentitzen diren espazio bat bezala definituko nuke antzerki tailerra. Han ez dago espresio mugarik, ez dago generorik, identitate arazorik... Batzuei balioko die lotsa galtzeko, beste batzuei oholtza gainean beren gaitasunak erakusteko... Luze eta zabal hitz egin genezake honetaz, baina ondoen beraiek erantzungo diote galdera honi.

Nik niri zer aportatzen didan beraiekin lan egiteak esan dezaket: ilusioa. Ilusioa eta sorpresak bat bestearen atzetik. Ez dago beraiekin lan egitea baino eskola hoberik pautak markatzeko garaian.

Zer moduz ikusten duzu antzerki mugimendua herrian?

Herrian antzerkia indartsu dagoela esango nuke. Badago mugimendua, eta gazteak indartsu datoz. Herriko ekintza desberdinetan ere parte hartzen dute, azkena sanjuan bezperan, Oinkadak hartan ere hartu zuten... Gazteetako batzuk pailazo talde bat ere sortu dute eta lanean ari dira.

Emakumeak hamaikagarren obra estreinatu dute aurten baita ere.

Antzerkizalea den herria da gurea. Bertan dugu EHAZE ere. Lakrikun antzerki taldeak hortxe jarraitzen du, ikastetxe batzuetan ere badago mugimendua... Eta hori dena, antzerki topaketak ahaztu gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide