Azpeitiko Udalak Open Data sistema jarri du martxan, herritarrei administrazioaren "gardentasuna" ahalbidetzeko. Sistema hori martxan jartzen duen Gipuzkoako lehenengotako udala da Azpeitikoa (Azkoitikoak maiatzean aurkeztu zuen), baina azaldu dutenez, erakunde guztiei aurki eskatuko zaie Open Data abian jartzea.
Sistema horren baitan sartu ditu Azpeitiko Udalak bere datu publikoak, eta Gobernu Ireki politikei zuzenean lotuta dagoen egitasmoa dela esan dute. Webgune horretan argitaratzen diren datuak "modu ordenatuan eta formatu desberdinetan" egon behar dutela azaldu du Eneko Etxeberria alkateak, gero "edozein pertsonak edo enpresak kontsultatu, berrerabili, birbanatu edo balio erantsia duten zerbitzuak garatzeko".
Udalak eskuartean dituen datuak jarri ditu ikusgai eta, besteak beste, datu ekonomikoak, turismoari lotutakoak, lana eta enpleguaren ingurukoak eta Udalaren gainekoak jarri dituzte.
Udalak Elkarmediarekin elkarlanean jarri du martxan sistema.
Ekarpenak
Etxeberriak azaldu duenez, Open Data proiektua "arrakastatsua" izan dadin, ekarpenak jasoko dituzte. Herritarrek aukera dute komunikazioa@azpeitia.net helbidearen bidez eskuratu nahi dituzten datuak eskatzeko, edo argitaratu dituztenen gainean duten iritzia eman edo proposamenak egiteko ere. Etxeberriak esan duenez, ekarpen horiekin datu-biltegi "osatuago eta aberatsagoa" osatzea dute helburu.