'Fracking'-a gai hartuta Energia Jardunaldietako bigarren hitzaldia izango da bihar

Uztarria.eus 2014ko uzt. 1a, 11:20

Fracking Ez Araba taldeko kideak izango dira bihar, asteazkena, Gaztetxean. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.

Azpeitiko Gaztetxeak, Sanagustin Kulturguneak, Piztu lantaldeak eta Elkar-Ekin Aldaketa Herritik taldeak Energia Jardunaldiekin jarraituko dute aste honetan, 'fracking'-aren gaia ardatz hartuta. Bihar bertan, Azpeitiko Gaztetxean hitzaldia eskainiko dute Francking Ez Araba taldeko kideek, 19:00etan. Izan ere, haustura hidraulikoaren aurka egiteko bizikleta martxa egiten ari dira Gasteiztik, eta horrekin lotu dute hitzaldia.

Bizikleta martxa bihar iritsiko da eskualdera, eta arratsaldean Azkoitian geldialdia egin ondoren, Azpeitira joango dira, eta orduan emango dute hitzaldia. Ostiralean itzuliko dira ibiltariak eskualdera, eta Zarautzen eta Zumaian izango dira orduan. 'Fracking'-aren eta eskualdean sortu berri duten Fracking Ez Urola taldearen inguruko informazioa emateaz gain, teknika hori debekatu nahi duen herri ekimen legegilearen aldeko sinadurak bilduko dituzte. Izan ere, eskualdea teknika honen "mehatxupean" dagoela gogorarazi dute antolatzaileek, azterketak eta probak egiteko baimenak eskatuta baitaude.

Joan den asteazkenean, Goiener kooperatibako kideek hitzaldia eskaini zuten Sanagustin kulturgunean, eta "energia eredu garbi baten aldeko apustu sendoa eginez", bazkide izateko aukera luzatu zien bertaratutakoei. 1.700 herritarrek, elkartek eta udalek babesten dute kooperatiba.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide