Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako finala jokatuko dute uztailaren 6an

Uztarria.eus 2014ko uzt. 1a, 17:19

Lehen partidan, Ansa eta Martiarenak jokatuko dute Goikoetxea eta Zalduaren aurka. Bigarrengoan, berriz, Otaegi eta Ion lehiatuko dira Etxeberria IV.a eta Aizpuru III.arekin.

Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako finala jokatuko dute uztailaren 6an, igandean, Izarraitz pilotalekuan, 18:00etan. Bi partida jokatuko dituzte egun horretan. Lehena afizonatuek jokatuko dute Ansa eta Martiarenak, Azpeitia A taldeko erremontistak, Goikoetxea eta Zalduaren, Urrestilla taldekoen, aurka, hain zuzen. Bigarren norgehiagoka, berriz, profesionalena izango da Otaegi eta Ion azpeitiarrak ariko dira Etxeberria IV.a eta Aizpuru III.a urrestildarren aurka.

Ekainaren 22an hasi zen txapelketa, eta berrikuntza gehitu zioten aurtengo edizioari. XV. txapelketan, taldeka aritu dira erremontistak, herriarteko txapelketetan bezala. Beraz, afizionatuen bikote batez eta profesionalen beste batez osatutako lau taldek jokatu zituzten kanporaketak. Partida guztiak jokatuta, Azpeitia A eta Urrestilla taldeak iritsi dira finalera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide