Gidari lanetan jarraituko dute lau kapitainek

Taldeko kapitainak, Garmendipen.

Lagun Onakeko lehen taldean jarraituko dute Alex Altolagirrek, Iosu Aranburuk, Hodei Tenak eta Julen Santestebanek. Jokalari horiek dira talde txapeldunaren ordezkari bakarrak, gaur egun.

Alex Altolagirrek, Iosu Aranburuk, Hodei Tenak eta Julen Santestebanek Lagun Onakeko lehen taldean jarraituko dute, hurrengo denboraldian. Orain arte bezala, haiek izango dira Hirugarren Mailako taldeko kapitainak. Betebehar arduratsua da kapitainarena; eta, horregatik, lau jokalariek banatu egingo dituzte zereginak, jardun hori ere talde-lana dela sentitzen baitute: "Batek zama guztia eraman ez dezan, denok egin izan dugu lana, orain arte. Datorren urtean ere horrela jarraituko dugu; izan ere, kapitaina izatea ez da besokoa eramatea soilik", adierazi du Iosu Aranburu lehen kapitainak.

Gazte-gaztetatik ari dira Lagun Onak Futbol taldean jokatzen Altolagirre, Aranburu, Tena eta Santesteban. Alebinetan edo kimuetan, 9 urterekin, klubean jokatzen zuten jada, eta beraientzat familia bihurtu da Lagun Onak. Tenak, adibidez, oso argi zuen taldean jarraituko zuela 2014-2015 denboraldian: "Nik ez nuen zalantzan jarri jarraituko ote nuen edo ez, denboraldia amaitu aurretik argi nuen jada hemen jokatu nahi nuela", adierazi du. Altolagirrek eta Tenak, berriz, denboraldia amaitzean hartu zuten erabakia. Haien esanetan, erabakia hartu aurretik, beharrezkoa da ikustea urtea nola amaitzen duen taldeak, eta beraiek nola sentitzen diren. Aranburuk, ordea, azken asteetan hartu du erabakia. Hark lesio bat izan zuen, eta azken unera arte ez du erabaki futbolean jarraituko duen ala ez.

2014-2015 denboraldiari begira, indartsu

Itxaropentsu begiratzen diote datorren denboraldiari lau futbolariek. Santestebanek esan duenez, 2014-2015 denboraldia aldaketa askorekin dator, tartean, entrenatzailea, eta "motibazio berria" izango dute jokalariek. Altolagirre ere "talde berria ezagutzeko" gogotsu dago.

Behin partiduak hasita, Hirugarren Mailari eustea izango da futbolarien helburua: "Talde bezala, salbatzea nahi dugu. Beharrezkoak diren 42 puntu horiek lortzera joango gara lehen unetik", azaldu du Tenak. Jokalari gisa, berriz, beraien helburu guztiak taldean jarrita daude. Honela azaldu du Altolagirrek: "Gure xedea taldearentzat lan ona egitea da. Bestalde, jakina, ondo pasatzea eta minik hartu gabe ibiltzea nahi genuke". Haren esanak berretsi dituzte beste hiru jokalariek ere. Beraz, taldearengan jarriko dute azpeitiarrek indar guztia.

Altolagirrerentzat, Aranbururentzat, Santestebanentzat eta Tenarentzat oso garratzitsua da Lagun Onaken etorkizuna. Izan ere, "familia" edo "bigarren koadrila" bezala ikusten dute mutilek taldea. "Giro ona dugu gure artean, eta horrek jokatzen jarraitzeko gogoa ematen du", jakinarazi du Aranburuk. Altolagirrek gehitu du beraiek "lagun taldea" direla: "Kanpoko jokalariek ere behin baino gehiagotan aipatu dute gure arteko harremana oso ona dela".

Lau jokalari horiek barruan direla, datozen asteetan osatuko du Lagun Onakek taldea. Hala ere, pozgarria da jakitea gidari lanetan jarraituko dutela lau kapitainek, talde txapelduneko lau gizonek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide