Uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta abuztuaren 2an izango dira zezenketak aurten. Azken urteetan feria uztailaren 30ean hasten zen, eta 1ean bukatu, baina aurten 2a zapatua "tokatzen delako eta jende gehiago etorriko delako" egin dute aldaketa. Egun aldaketaz gain, orduz ere aldatu dituzte desenkajonamentua eta zezenketa, eta guztiak 18:30ean hasiko dira. Hala, iragarritako moduan honakoak izango dira egun horietako zezenketetan arituko diren ganadutegiak eta toreatzaileak:
Uztailaren 31n, osteguna, Luis Miguel Encabo, Victor Puerto eta Sanchez Mora toreatzaileak eta Valdellan ganadutegiko (Santa Maria del Rio, Leon) zezenak izango dira. Lehenengoz izango da Sanchez Mora Azpeitiko zezen plazan.
Abuztuaren 1ean, San Inazio egunean, Celestino Cuadri ganadutegiko (Trigueros, Huelva) zezenen txanda izango da, eta Javier Castañoz gain, eta Azpeitian aurrenekoz, Paulita eta Sergio Serrano toreatzaileak izango dira.
Abuztuaren 2an, zapatua, berriz, Pedraza de Yeltes (Castraz, Salamanca) ganadutegiko zezenekin arituko dira David Mora, Juan del Alamo (lehenbizikoz Azpeitian) eta Jimenez Fortes.
Desenkajonamentua, aldiz, uztailaren 27an, igandea, izango da.
Zezenketetarako sarrerak
2014ko uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta 2an izango diren zezenketetarako abono zaharrak berritzeko eta berriak egiteko aukera izango da uztailaren 7tik 19ra bitartean, takilan (Udaltzaingoaren bulegoaren ondoko lokala, Plaza txikian). Telefonoz ere egin daiteke eskaria (943 15 71 60). Uztailaren 19ko 20:00ak baino lehen abonoak jasotzen ez dituztenek, horretarako eskubidea galduko dute.
Abonoz kanpoko sarreren salmenta uztailaren 21ean hasiko da. aurrera egin ahal izango da, eta internet bidez ere erosi ahal izango dira hemen. Uztaileko astegunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik leihatila. Larunbat eta jai egun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. Zezenketaren egunean Plaza Txikiko bulegoan salduko dituzte sarrerak goizez, eta egun horretako zezenketari dagozkion sarrerak, berriz, zezen-plazan eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera.