Echeverria, Aguirre edo Echaniz bada zure abizena; eta, behingoz, deiturak 'Natul' idazteko gogoa baduzu, aukera hori eskainiko dizu Natul Azpeitiko euskara taldeak. Izana ez ezik, izena ere euskalduna nahi dugu guk, eta horregatik lagunduko dizugu abizena euskal grafiaz idazten.
Natul Azpeitiko euskara taldea, apurka-apurka, euskararen normalizazioan aurrera egiteko jaio da. Deituren aferan, besteak beste, herritarrei lanak samurtzea da taldearen helburua. Hori dela eta, uztailaren 8an eta 10ean postua jarriko dugu Sanjuandegiko igerilekuaren aurrean (euria eginez gero, plazako arkupeetan), herritarrei administrazioko izapideak errazteko. Izena edo abizena euskaratu nahi dutenek nahikoa izango dute familia liburua eta nortasun agiria gune horretara eramatea. Hortik aurrera, euskara taldeak egingo du lan guztia.
Behin paper kontua amaituta, eskaera egiten dutenek epaitegira joan beharko dute sinadura egitera. Beraz, honakoak dira herritarren egitekoak: dokumentazioa postura eraman eta, prozesuaren azken pausoan, epaitegiko papera sinatu.
Zure izena edo abizena euskalduna eta euskaraduna izatea nahi baduzu, zain izango gaituzu Sanjuandegiko igerilekuaren aurrean (euria eginez gero, plazako arkupeetan), hilaren 8an eta 10ean, asteartean eta ostegunean, 17:00etatik 20:00etara.
Edozer zalantza izanez gero, idatzi honako helbidera: natul.euskeraz@gmail.com.