Aurrekontuen atalean 2012tik aurrerako aurrekontuak daude ikusgai. Bertan, aurrekontuak partidaz partida, eta grafikoaren laguntzarekin kontsulta daitezke. Partida desberdinen eboluzioa eta urtekako aurreikuspenak konparatzeko aukera ere eskaintzen du atalak. Horrez gain, aurrekontuak jaisteko aukera ere badago. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "urtero sartuko dira aurrekontuen datuak".
Ordainagirien atalean, 3.000 eurotik gorako gastu guztien fakturak ikusi daitezke, baina Udalaren helburua da kopuru eta faktura guztiak eskuragarri jartzea. Etxeberriaren arabera, "zenbat eta zertan gastatzen dugun erakustea da helburua". Azpeitiko Udala atal hau sortzen "aitzindaria" izan dela esan du alkateak, eta gardentasunerako "borondatea" erakutsi dutela gaineratu du: "Nahi duguna da herritarrek modu errazean begiratzea Udalaren gastuak, eta ikustea gardena dela Udala".
Aurrera begira atal berriak sortzea aurreikusten dutela ere esan du Etxeberriak.
Josu Azpillagak jakinarazi du gauzak aldatzen ari badira ere, "bidea egin gabe" dagoela: "Udalarekin gogoeta egin dugu, eta bide batzuk aukeratu ditugu. Gardentasun jakin bati erantzuteko sortu da tresna hau. Aurrekontuena beste hainbat tokitan ere badago ikusgai, baina estimatzekoa da Azpeitiko Udala arriskatu eta horrek bidea hasi izana fakturak garbi erakusteko".