Kutxabanken inguruko jarduera desberdinak izango dira datozen asteetan

Herriko kolektibo, sindikatu eta norbanako ezberdinek osatzen dugun Azpeitian Bizi eta Lan ekimenak, Kutxabanken daramaten eredua eta ematen ari diren pribatizazio prozesua dela eta jarduera ezberdinak abiatuko ditu datozen egunetan.

Eskandalua da azken hilabeteetan, Kutxabank izatea ehunka herritarren miseriaren arduraduna, etxe desjabetzeen bidez jendea kale gorrian utziz edota lan jarduera ezberdinek bideragarri izateko behar duten finantziazioa ukatuz besteak beste. KutxaBanken izaera, herritar eta langileen beharretatik urrun dago. Orain gainera, kontrol publikotik, esku pribatuetara eraman nahi dute entitatea, funtzio soziala betetzeko aukerari ateak behin betiko itxiz.

Hilabete honetan, orain arte ezagutu izan ditugun kutxetatik osatu nahi diren fundazio berrietara eman nahi diren jauziek, herritarrontzat zein ondorio izango dituzten aztertuko dugu. Horrez gain, ekimen mobilizatzaileak ere izango ditugu "aldaketa beharrezkoa eta sahiestezina" dela diotenei, eman beharreko aldaketa bestelako norabidean ematea exijitzeko, beti ere herritarren eta langileriaren beharrak lehenetsiz.

Uztailaren 16an Ekai Center-eko Eñaut Apaolazak hitzaldia eskainiko digu, herritarrok ditugun kezka eta zalantzak argitu asmoz. Bizi dugun unean zein puntutan gauden azaltzeaz gain, bankarizazio prozesu honek dituen arrisku eta aukeren inguruan bere ikuspegia emango digu.

Uztailaren 22an Alde Zaharrean Kutxabankek dituen bulegoen aurrean kontzentrazioa burutuko da eguerdiko 12:00etan operazio hau gelditu eta herritarren eta langileen interesen araberako aldaketa bat egin dezatela eskatuz, horretarako eztabaidarako eremuak zabalduz.

Gaiak herritarrengan, langileengan eta gure herriaren garapenean duen garrantzia handia delakoan, ekimen hauetan parte hartzeko gonbidapena zabaltzen dugu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide