'Libre Office' programa irekia jarri dute Udaleko ordenagailuetan

Uztarria.eus 2014ko uzt. 4a, 17:33

Aritz Epelde Zerbitzu Orokorretako zinegotzia, aurkezpenean.

Aldaketa horrekin, 40.000 euro aurreztuko dituela aurreikusi du Udalak. Sistema abiarazlearekin ere "apustu ausarta" egin du erakundeak, eta Linux software irekia erabiltzen dute jada hamar ordenagailutik zortzik.

'Libre Office' programa irekia instalatu dute Azpeitiko Udaleko ordenagailu guztietan. Programa hori ezarrita, Udalak ez du ordaindu beharko orain artean erabilitako programa, 'Microsoft Office'. Izan ere, programa berria librea eta irekia da, eta lehen zegoena ordaindu egin behar zen. Beraz, erakundearen aurreikuspenen arabera, 40.000 euro aurreztuko ditu Udalak programa horrekin.

Bestalde, sistema abiarazlearen alde ere "apustu ausarta" egin du Azpeitiko Udalak. Linux software librea darabilte jada Udaleko hamar ordenagailutik zortzik. Hori ere doakoa da, lehen, hango ordenagailuek instalatuta zuten sistema ez bezala.

Udalak apustua egin du eredu horren alde, eta aztertzen ari da mezua nola zabaldu norbanakoengana eta enpresengana. Erakundearen hitzetan, honakoak dira software askearen abantailak:

  • Berdintasuna, solidaritatea eta parte-hartzea sustatzen ditu. Edonork erabili eta hobetu dezake produktua. Gainera, hobekuntza guztiak edonoren eskura daude, komunitate-lana egiten delako gisa horretako tresnekin.
  • Giza-garapenarentzat, gizartearen jakintzarentzat eta berrikuntza-teknologikoentzat ona da. Filosofia horrek teknologia berrietara sartzea ahalbidetzen die herritar guztiei.
  • Askea denez eta edonork molda eta osa dezakeenez, euskararen presentzia bermatzen du teknologien esparruan. Bestela, garestia izan daiteke enpresentzat edo norbanakoentzat ordenagailua euskaraz izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide