Nik ere horrelako azterketa bat pasatua nuen 2007ko ekainean. Baina oraingoan zerbait desberdina nabaritu nuen unibertsitate giro horretan. Ez zegoen horrenbesteko ikasle talderik, ez zegoen apunteak errepasatzen ari zen multzorik, ez zegoen elkarrizketa urduririk… apenas, batzuk bai. Asko esku artean zuten pantailatxoari lotuta zeuden, irakurtzen, idazten, musika entzuten… tarteka baita argazkiak ateratzen ere, badakizue, modan dauden selfie-ak.
Zenbat aldatu garen, guztiok. Neuk ere sekulako mendekotasuna dut mugikorrarekiko, Internetarekiko, aplikazioekiko. Baina gure ondoren datozen belaunaldiek, amaren sabeletik bertatik edan dute gailu elektronikoekiko zaletasuna, hori dirudi behintzat.
Baina zer eragingo du horrek gure gizartean?
Denetariko aplikazioak ditugu. Eguraldiaren inguruan edozer jakin nahi badugu aski da gure weather aplikazioa begiratzea, ez dugu ez leihotik begiratu behar, ez tempora-k kontrolatzen dituen bizilagunari galdetu behar, ez telebistako eguraldi tartean zer esaten duten jarraitu behar.
Lagunekin afari bat antolatu nahi dugula? Tira, nahikoa da Whatsap-ean edo Telegram-en talde bat egitea. Bertan adostuko dugu ordua, lekua, menua… ia-ia elkarrizketa gaiak ere adostuko ditugu bertan, eta afaria egin ondoren ez badugu borratzen, berehala hasiko da spam-a bertatik, txisteak, memeak, webguneetara loturak, hoax-ak…
Larunbat gauean tabernetan gauden bitartean gustuko dugun kanta entzuten badugu, jada ez dugu lotsarik pasatu behar tabernako barrara joan eta kantaren izenburua galdetzeko. Shazam-a piztearekin, 20 segundotara gure pantailatxoan azalduko zaigu kantaren izena, diskoaren informazioarekin, eta zuzenean deskargatu nahiz bideoklipa ikusteko aukerekin.
Harremanak mugatu ditugu. Pertsonen arteko istorioak amaituko dira laster, gure pantailatxoek gidatuko dute gure bizitza. Teknologiak gizaki bakarti bilakatu gaitu.
Hori bai, onartu behar dut, ni gustura nago teknologia berrien artean, mugikorrari lotuta bizitzea ez zait horrenbesteko arazoa iruditzen, dena klik batean dut, eta klik hori ez dago zertan etxean edo bulegoan egin behar.
Ez dut uste lanbideagatik bakarrik denik, baina kazetaria izanda teknologiak lana asko erraztu digula onartu behar dut. Izan ere, zutabetxo hau tabletan idatzi dut, nire etxetik kilometro batzuetara, eta amaitzean, Internet bidez bidaliko dut posta elektronikoa aplikazioa erabiliz.
Birus baten moduan zabaltzen da mendekotasuna. Orain, tarteka, amamaren etxera joaten naiz bere mugikor berria, whatsap duen hori, nola erabili behar duen azaltzera. Bai, nire amamak ere whatsapa dauka!
(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-07-10)