Iazko arrakastaren ondotik, eta "etengabeko berrikuntza eskatzen duela jabetuta", hasi dira herriko eragile eta taldeak aurtengo Azoka Herritik antolatzen. Irailaren 19an, 20an eta 21ean izango da aurtengoa, eta antolatzaileen ustez, "bide desberdinak zabaldu dira, eta elkarlanaren bidez ekonomia lokala bultzatzeko eta aldaketak egiteko baliagarria izan da azoka".
Aurtengoan "aldaketak egitea eta berrikuntzei bide ematea" erabaki dutela azaldu dute, eta "salerosketarako, kultur sorkuntzarako, jakintzaren transmisiorako eta eztabaida nahiz gogoetarako espazioa" sortzea izango du helburu. Helburu horiei bide emateko Faktoria antolatu dute, eta hori izango da berrikuntza nagusia, izan ere, bertan tailerrak, emanaldiak, eztabaidak eta aurkezpenak egin eta elkarlanean egin daitekeenaz hitz egiteko bilgunea izango da.
Faktoriaz gain, honakoak dira momentuz zehaztuta dituzten guneak: baserritarren produktuak salgai egongo diren postuak,herriko merkatarien stock-a, eskualdeko artisauen lanak salgai egongo diren postuak, bigarren eskuko azoka eta bidezko merkataritzako postuak. Gainera, kultur emanaldiak eta umeentzat ekitaldiak eta puzgarriak ere izango dira azoka den bitartean.
Azokaren helburuetako bat elkarlana izanda, ondorengoak dira antolatzeko elkarlanean dabiltzan eragileak: Azpeitiko Kultur Mahaia, Azpeitiko Udala, AZTE Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea, Baserritik.com, Bertan Merkatari Elkartea, Elkar-Ekin, eskualdeko artisauak, Khamar Sahararen Aldeko Taldea, Misio taldea, Sanagustin Kulturgunea, Urkome eta Urolab. Postu eta azoka desberdinek osatuko dute azoka eta egun horietan gertatzen den guztiaren berri ematen ariko dira herriko kazetariak eta komunikazio ikasketak egiten ari diren ikasleak.
Antolaketan parte hartzeko aukera dute oraindik herriko eragile eta norbanako guztiek. Gogorarazi dutenez, astelehenero egiten dituzte bilerak Sindikatu Zaharrean. Eurekin harremanetan jartzeko azoka.herritik@gmail.com helbidea erabili daiteke.