Inposizioa

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko uzt. 18a, 12:02

Eta bat-batean, dena da inposizio. Zerbait egitera behartzen gaitu baten batek, eta sentitzen dugu ez lukeela horrela behar. Eta orduan hitz bat modan jartzen da, eta hasten gara erabiltzen. Eta esan nahi duguna hain ederki adierazten du, erabiltzen ditugun esaldi askotan sartzen hasi gara. Eta bat-batean, dena bihurtu da, bihurtu dugu, inposizio. Dena. Dena, eta ez dena. Eta hauek denak inposizioak ote dira? Eta zer ote da inposizioa?

Inposizioa ote da Errege Mago batek udaletxeko balkoitik "aupa Real" esatea? Inposizioa ote da inor ez dagoela, gaueko hamarretan, udaltzainek Erdikalean goitik behera bizikletan pasatzen ez uztea?
 
Inposizioa ote da zaborrak atez ate biltzea? Inposizioa ote da ez birziklatzeko eskubidea aldarrikatzea?
 
Inposizioa ote da San Joan sua ikustera plazara joaten direnei berrogeita bost minutuko 'espektakulua' ikusaraztea, espektakulua suak berak izan behar lukeenean?
 
Inposizioa ote da plaza oinezkotzea? Inposizioa ote da plaza (ez) oinezkotzeko erreferenduma egitea?
 
Inposizioa ote da 'Euskal presoak Euskal Herrira' kartela berdura plazan jartzea? Inposizioa ote da zergak igotzea?
 
Inposizioa ote da umeak D ereduan eskolaratu beharra?
 
Inposizioa ote da herriko elkarteetan bazkideak hartzeko orduan generoa kontuan hartu beharra?Inposizioa ote da nesken kirolari mutilenari baino diru eta baliabide gutxiago ematea?
 
Inposizioak ote dira, konparazio batera, Udalak hartzen dituen erabaki guztiak?
 
Dena ote da inposizioa, ados ez gaudenean?
 
Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide