Bihar, zapatuan, Auto Klasikoen XI. Rallya jokatuko da herrian. 11:00etan hasiko da lasterketa epaitegi aurreko aparkalekutik, eta Errezil, Abaltzisketa eta Zerain inguruetan ibili ondoren, 14:00etan bazkaltzeko geldialdia egingo dute Gabiriko Korta jatetxean. Bazkalostean, Matxinbentatik, Aizarnatik, Endoiatik eta Azkaratetik pasatu ostean, 19:30ak inguruan, abiapuntuan amaituko dute lasterketa. Ondoren, sari-banaketa eta afaria izango dira Pastorkuan.
Parte hartu ahal izateko gutxienez 25 urte izan beharko ditu kotxeak, eta guztira 50 talde inguru espero dituzte. Partaide gehienak Euskal Herrikoak izango badira ere, Frantziako talde batzuk ere hartuko dute parte lasterketan. Joxe Labaka eta Aitor Otaegi azpeitiarrek hartuko dute parte aurtengoan ere.
Parte-hartzaileek 220 kilometro egingo dituzte guztira, eta horietatik %88 kronometratuko dituzte. Trafikoa ez dute moztuko; hori da rally honen berezitasuna.