Hogei dantzari eta sei musikariren artean ondu dute Itsasi Kultur Taldekoek, bihar taularatuko duten emanaldia. Gipuzkoako dantza tradizionalekin hasiko dute ikuskizuna, eta azken urteetan ohikoa duten bezala, dantza berriekin jarraituko dute gero: haien artean egongo dira Mikel Laboaren pare bat kantarekin egingo dituztenak, Ken Zazpirenak eta Xabi Aburruzagarenak.
Eta eskaintzarekin dator saioa. "Zuri" eskainiko dizutelako. Hala dio Maite Mendiak: "Dedikatoria antzeko bat da, baina ez dugu inor aipatu nahi konkretuki. Orokorrean guztiei eskaini nahi diegu, edo inori ere ez. Gure ibilbidean, modu batera edo bestera harremana izan duenari, edo gutako bakoitzak nahi duenari".
Hala dio emanaldirako osatu duten testuak:
"ZURI...
gurekin taula gainean aritu izan zaren horri,
gure saioak ikustera etorri ohi denari,
gure bide hau egiten lagundu diguzunari,
iada gure artean ez zauden horri,
gure artera etorri berri denari,
bihotz-bihotzez maite dugunari...
dantza eta doinu ikuskizun hau eskaintzen dizugu
...ZURI"