Kutxabanken eredua eta pribatizazio prozesua salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar

Uztarria.eus 2014ko uzt. 21a, 12:00

12:00etan izango da Kutxabankek Goiko Kalen duen bulegoaren aurrean, Azpeitian Bizi eta Lan ekimenak deituta.

Bihar, asteartea, Kutxabankek Goiko Kalen duen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan hasita, Azpeitian Bizi eta Lan ekimenak antolatuta. "Kutxabanken daramaten eredua eta egiten ari diren pribatizazio prozesua dela eta" deitu dute kontzentrazioa: "Eskandalua da azken hilabeteetan, Kutxabank izatea ehunka herritarren miseriaren arduraduna, etxe desjabetzeen bidez jendea kale gorrian utziz edota lan jarduera ezberdinek bideragarri izateko behar duten finantziazioa ukatuz besteak beste. Kutxabanken izaera, herritar eta langileen beharretatik urrun dago. Orain gainera, kontrol publikotik, esku pribatuetara eraman dute entitatea, funtzio soziala betetzeko aukerari ateak behin betiko itxiz".

Azpeitian Bizi eta Lan ekimeneko kideek azaldu dutenez, "operazio hau gelditu eta herritarren eta langileen interesen araberako aldaketa bat egin dezatela eskatuko dugu, horretarako eztabaidarako eremuak zabalduz". "Aste hauetan, orain arte ezagutu izan ditugun kutxetatik osatu nahi diren fundazio berrietara eman diren jauziek, herritarrontzat zein ondorio izango dituzten aztertu dugu. Horrez gain, ekimen mobilizatzaileak ere izango ditugu aldaketa beharrezkoa eta sahiestezina" dela diotenei, eman beharreko aldaketa bestelako norabidean ematea exijitzeko, beti ere herritarren eta langileriaren beharrak lehenetsiz", gaineratu dute..

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide