Azoka Herritiken baitan, Faktoria

Urolab laborategia 2014ko uzt. 21a, 14:52

Aurtengo Azoka Herritik berrikuntzekin datorrenez, Urolab taldeak aproposa ikusi du Faktoria izeneko egitasmoa bihar asteartea, 19:00etan Sindikatu Zaharrean eragileen aurrean aurkeztea.

Faktoriak, Azoka Herritik-en filosofiaren ildotik, bi zutabe garrantzitsu landu nahi ditu: Batetik herriko eragileen arteko zubi berriak eraikitzen laguntzea eta bestetik gure inguruko proiektu berriak ezagutzera ematea. Horretarako, iraileko azokan, gune berezi bat prestatuko da eta Urolabek ezinbestekotzat ikusten du ekimen honen antolaketarako herriko elkarte ezberdinen ahotsa jaso eta beronen antolaketan parte hartzeko aukera eskaintzea.

Aurkezpena beraz, astearte honetan, uztailaren 22an izango da 19:00etan Sindikatu Zaharrean. Bertan, Faktoriaren inguruko asmoak azaltzeaz gain, gerturatutakoen iritzia jaso eta hauen proposamenak ezagutzea garrantzitsu jotzen da  herriarentzat aberasgarriagoa izango den egitasmo bat sortzeko asmoz.

Urolabek egokia ikusten du aurrez, Faktoriaren inguruko bi ardatzen inguruko informazio zehatzagoa ematea:

• Zubi berriak eraikitzen (Larunbat arratsaldea, irailak 20an): Tailer honen helburua talde dinamika baten bidez eragile guztiak elkar ezagutu eta elkarlanerako bide berriak eraikitzen hastea izango dira. Honen adibide izan daiteke orain gutxi Piztu Lantaldea, Azpeitiko gaztetxie, Elkar-Ekin eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean antolatu dituzten Energia Jardunaldiak.

• Proiektu berrien aurkezpena (Larunbata 20 eta igandea 21, goizetan): Bertan, herriko nahiz eskualdeko proiektu berriak aurkezteko parada izango dute elkarte, talde edota norbanako ekintzaileek Sanagustin Kulturgunean.

Besterik gabe, ilusioz eta gogoz jarraitzen dugu Azoka Herritik antolatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide