Denek dute zerbait sentiberatasunetik, logikatik, inkoherentzitik, ulerkaitzetik, arbuiagarritik, eta komenigarritik. Horregatik, inguruko herrialdeen hezibide amaitezinak, eskubideen aro gogoetatsu, ulerkor nola baketsu batean hartu du ostatu. Ez gara gobernu inposatzaile bat, pertsona arruntak baizik.
Ahatik, ez dugu inoren etxe aurrea gudatoki bilakatzen, pankarta bateko intolerantzian gotortuak, munduak ez duelako ehuneko ehunean inoren nahieran funtzionatzen.
Nahiko lan badugu, aldarrikatzen dugun pertsona eraikitzen geure baitan, bizikidetza saboteatzen duten gutxiespen oihu eta gaitzespen publiko oldarkorrenez, herritar multzo handi bat salatzen hasteko, ez dakit zein perfekzio fantasiatsu exijituz. Oraintsu Eibarko zezen-plaza aurrean egin duzuen bezala, gizalegearen aitzakian, oihaneko legean aritu, bildutakoei agresibitate sumindu eta mehatxukorrez, erdera hutseko garrasietan; palurdos, analfabetos, paletos, hijos de puta, taurino y taurina asesinos, menuda educación para vuestros hijos, torero muerto abono para mi huerto, hoy a los toros y mañana a misa eta abar, jaurtiz. Patetikoa! Eromenaren leizetik soilik sortu litezkeen harrabotsak.
Normaltzat hartzen ari zarete, errespetuaren arauetan azken aukera bezala azpimarratzen den egitekoa, hots, inoren aurrera joan eta oihu mespretxagarrienez iraindu, biraoka hustu eta utopiaren erreinuan idatzitako pankarta salatzaile batekin zangotrabatu sentiberatasun desberdina dutenen ibilia. Denborarekin, errealitateak akuilatuko duen ausardia.
Orain, Azpeitiko zezenketen txanda zoragarria dator, eta ohiko aldartearekin aurkezten bazarete, istilu eta liskarrak probokatzea besterik ez duzuela nahi pentsatzen jarraituko dugu. Gu, nerabezaroa aspaldian igaro, eta arrazionaltasunez hautatu dugun erabakian bizi garelako. Perbertsioa ikusi nahi digunak, asmatu dezala, baina... ez da ulergaitza, ulertzen ez duzuen guztia. Beraz, jarraituko dugu, entzierroak, sokamuturrak, errekortariak, korridak, burtzikariak eta antzeko festak dastatzen. Inposaketa demokratikoren batek debekatu ezean.
Zezenaren oinazeez ari zarete? Pertsonak, gure herrialde garatuengandik, tirania, menpekotza makiabelikoa eta horrorea jasotzen ari diren munduan?
Pankartak, sateliteetan zintzilikatu behar genituzke, erraldoiak gainera, lurretik irakurtzeko moduan, asignatura hauetaz oroitarazteko edo, geure logeletan bestela, besteengana iristerako, norberarena zuzentzen ahalegintzeko. Samina, sentituz! Eta sumindurak, zentzuaren galbahetik pasatuz. Lurreko paradisua amets, pizti handiak menpekoa eta arrain batek bestea jaten duenaren kontraesanarekin.
Sinistu iezaidazue, ez naizela pozten munduaren jardunbide honekin, hau, tragedia bat da zezenarekin jolas egitearenarekin alderatuta. Gainera, inkonszienteki edo komeni denean, begiak hersten ikasi dugulako, geure egunerokoan, guztia onesten bizi gara. Denok!
Beno, amaitzera noa, orain antxoa jana daukagulako elkartean, baina ez dakit on egingo didaten, janaldiaren bost minutuko gozamenerako horrenbeste arraintxo ito dituztela jakinik. Galindo generalaren Intxaurrondotik igaro eta “bañera” ezagutu zutenen aitortzak adituta, itotzea, tortura krudel eta deskriba ezina da, eta guk hiru kilo erosi ditugu, 150 ale bizidun, beren habitatean bahitu eta banan-banan itomena ezagutaraziak.
Hostia! Droneek lau ume hil berri dituzte jolasean ari zirela, irratiak dioenez, eta genero indarkeria igotzen ari omen da gure belaunaldi gazteetan...