200 herritar inguruk sinatutako eskari bati erantzun dio Azpeitiko Udalak, non eskatzen zena udan ere zinea jartzea zen. Bada, “eskaera horri erantzunez martxan jarriko dutela ekin hau” adierazi dute Mikel Ibarzabal eta Leire Etxaniz udal ordezkariek.
“Azpeitiko eskaintza kulturala hobetzea eta sendotzea da gure helburua, eta hala egin behar dela uste dugu, baita abuztuan ere. Batetik, gero eta gehiago direlako herrian gelditzen diren herritarrak, eta bestetik, inguruetakoak eta bisitariak herrira erakartzeko beste modu bat izan daitekeelako”. Azpeitiko Sanagustin kulturguneko kooperatibari laguntza eskatu ziotela esan dute eta elkarrekin antolatu dituztela egongo diren bost filmak.
Kepa Urbieta kulturgunearen ordezkariak azaldu ditu zine emanaldien xehetasunak eta aste honetan bertan hasiko direla esan du. “Bost asteburutan izango dira zine saioak. Lehenengo biak aire librekoak, igandean eta saio bakarrekoak izango dira. Aste honetan hasita, abuztuaren 17an, igandean, Pompeya filma botako dugu, plazan. 22:00etan izango da. Hurrengo astean, abuztuaren 24an, igandea eta 22:00etan ere, Carmina y Amén”. Aire libreko filmei dagokienez, doako emanaldiak izango direla biak gaineratu dute eta, euria egiten badu Frontoi Txiki-n botako dituztela.
Abuztuaren 30etik irailaren 15a arte bitartean beste hiru pelikula botako dituzte, baina hauek Soreasu Antzokian eta hiru egunez. “Zapatu, igande eta astelehenetan izango dira saioak, 21:30ean. Igandeetan 18:00etan ere bai. Ohiko prezioa izango dute sarrerek, 4,5€, astelehenetan salbu ikusleen egunak izango baitira, eta beraz, 3€-tan egongo dira. Ohartxo bat, ordea ordutegiari dagokionez; abuztuaren 31n ez da 18:00etako emanaldirik izango plazan egongo den kontzertua errespetatzeagatik. Abuztuan emanaldiak urri izaten dira eta daudenak behintzat ez ditugu elkar zapaldu nahi izan”, adierazi du Urbietak.
Abuztuaren 30etik irailaren 1era No hay dos sin tres filma botako dute. Irailaren 6tik 8ra, Somos los Miller, eta azkenik, irailaren 13tik 15era El abuelo que saltó de una ventana y se largó.
Abuztuan kultur ekitaldiak
Zine emanaldiek abuztuko eskaintza hobetuko dutela adierazi dute, izan ere, Urbietak gogorarazi du hiru asteburutan jazz, blues eta R&B musika eskaintzen duten kontzertu txikiak ere egongo direla, plazan eta doan. “Musikari apartak izango ditugu, Musikene Euskal Herriko goi-mailako ikastegitik pasatakoak eta ibilbide oparoa dutenak. Zapatu honetan izango da lehenengoa eta Haize ta Soka taldeak joko du. Hurrengo zapatuan, abuztuak 23, Sagi Trio jazz eta R&B musika jorratzen duen taldea etorriko zaigu eta abuztuaren 31n, igandean, The Romanticos blues-a eta R&B-a eskainiz” Zapatuko bi kontzertuak 23:00etan izango dira eta igandekoa 19:00etan.
Erakusketa ere badute Sanagustin kulturgunean, Borja Eizagirre eta Alaitz Ruiz azpeitiarrek jarritakoa. Kulturgunean izan diren kontzertuetan ateratako argazkiekin osatutako erakusketa da, hil guztian zehar egongo dena ikusgai.
“Horregatik, zine, musika eta erakusketaz gozatzera animatu nahi ditugu herritarrak” esanez itxi du agerraldia Ibartzabalek.