Lagun Onak garaipen gosez irten zen larunbatean futbol zelaira, baina 0 eta 0 amaitu zuen norgehiagoka Garmendipen, Basconia talde bizkaitarraren aurka. Etxeko taldearen hasierako hamaikakoa honako mutilek osatu zuten: Otañok, Elustondok, Tenak, Muruak, Lopezek, Iparrak, Otamendik, Azkuek, Anderrek, Del Olmok eta Esnalek. Bisitariek, berriz, jokalari hauek atera zituzten zelaira: Markel, Agirrezabala, Corral, Baque, Xiker, Urzelai, Monteiro, Barrenetexea, Villalibre eta Cordoba.
Lagun Onak izan zen gidaria lehen unetik; bai lehen zatian, baita bigarrengoan ere. Gutxienez, sei aukera on izan zituzten Pablo Turrillasen gizonek gola egiteko, baina ez zen halakorik iritsi.
Bestalde, Basconiak pare bat aukera izan zituen markagailuan aurre hartzeko. Hala ere, haiek atzean erakutsi zuten indarra; izan ere, lan bikaina egin zuen atezainak. Amaierarako minutu gutxi faltan, Camilo jokalariak min hartu zuen; 78. Minutuan, berriz, epaileak Basconiako Jimeno jokalaria bota zuen zelaitik, bi txartel horirekin, eta bederatzi jokalarirekin gelditu zen taldea amaieran.
Beraz, seigarren postuan geldituko da Lagun Onak, etxean puntu bat jaso ostean. Puntu kopuruan berdinduta, lau punturekin, Beasain eta Portugalete dituzte azpeitiarrek aurretik. Datorren astean, Gernikara joango da Lagun Onak, eta bertako taldearen aurka jokatuko dute mutilek.
Joan den larunbatean, hilaren 23an, hasi zen denboraldia Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeentzat. Lagun Onakek Durangon jokatu zuen lehen norgehiagoka, eta irabazi egin zuen: 0 eta 1. Datorren astean, Gernikaren aurka jokatuko dute Pablo Turrillasen gizonek, kanpoan. Oraindik ez dakigu larunbatean edo igandean izango den partidua.