Burdinbidearen Euskal Museoak udako kanpaina amaitu berri du, eta atzotik neguko ordutegia du. Aurrerantzean, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik, eta 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era zapatuetan. Igande eta jaiegunetan, berriz, 10:30etik 14:00etara irekiko dute museoa.
Ohiko ordutegia berreskuratzeaz gain, hainbat aldaketa egin dituzte museoaren eskaintzetan. Hala nola, diesel trenen bidaiak kendu dituzte, baina asteburuetan lurrunezko trenek Azpeititik Lasaora egiten dituzten joan-etorriekin jarraituko dute. Itzuli horiek zapatuetan 12:30ean eta 18:00etan eta igande nahiz jaiegunetan 12:30ean izango dira.
Horrez gain, tren bilduma zabala dago ikusgai museoan, eta makina-erremintaren, erlojuen eta treneko uniformeen inguruko erakusketak ere bisitatu daitezke bertan.