Euskara lantzeko jolas eta dinamikak ikastaroa antolatu du Azpeitiko Euskara Patronatuak, irailaren 8tik, astelehenetik, hilaren 11, osteguna, bitartean. Lau egun horietan, 10:00etatik 13:30era izango dira eskolak. Ikastaroan, dinamika, animazio eta lehiaketa jolasak landuko dira, eta Kiriketan enpresak trebatuko ditu ikasleak. Kiriketan udalekuak eta aisialdiko jarduerak antolatzen dituen taldea da, eta esperientzia handia du 4 eta 12 urte bitarteko haurren heziketan.
Euskara Patronatuko langileek ez ezik, gainontzeko herritarrek ere aukera dute ikastaroan izena emateko. Beraz, edonor joan daiteke eskola horietara. Hala ere, gehienez, hamar pertsonentzat tokia egongo da ikastaroan.
Bestalde, doakoa da Euskara lantzeko jolas eta dinamikak ikastarora joatea. Izena emateko bi aukera daude: batetik, 943 81 19 47 zenbakira deituta; bestetik, euskarapatronatua@erabili.com helbidera mezua bidalita.