Unai Orbea eta Oier Ibarguren Espainiako Txapelketan izango dira

Ibarguren, joan den asteko lasterketan. (Lagun Onak TE)

Asteburu honetan izango da lehiaketa, eta Euskal Selekzioarekin joango dira Azpeitiko txirrindulariak Murtziara. Orbeak errepideko proba jokatuko du; eta Ibargurenek, berriz, errepidekoa eta erlojuaren aurkakoa.

Denboraldia amaitzear egonagatik, gogotsu dabiltz gure txirrindulariak. Emaitzak lagun izateaz gain, Euskal Selekzioko hautatzaileak zerbait berezia ikusi baitie gure lehen urteko jubenil diren Unai Orbea eta Oier Ibargureni. Hori dela eta, asteburu honetan Espainiako Txapelketan, Murtzian, Euskadiko Selekzioa ordezkatzeko aukeratu dituzte. Ibargurenek, gainera, erlojupekoko proban ere parte hartuko du. Zorionak, beraz, biei!

Pasa den asteburuan maila bikaina eman zuten, adibidez, Beasaingo Munduko Txapelketaren aurreko Lasterketan. Espainiako Federazioko sailkapeneko lehen hamasei postuetan zeuden hamasei taldeez gain, Gizpuzkoako taldeok ere parte hartu genuen, eta lan txukuna egin genuen. Bestalde, aipatu behar da parte-hartzea oso ona izan zela; izan ere, berrehun txirrindularitik gora irten ziren, eta zenbait talde kanpoan gelditu ziren.

Lasterketan, 118 kilometro egin zituzten txirrindulariek, eta aurre egin zieten Lierni, Atagoiti, Lierni berriro ere eta Olaberriako aldapei. Lehen 20 kilometroetan egin zen ihesaldia, eta Oier Ibarguren tartean sartzea lortu genuen. Hiru minutuko errenta izatera iritsi ziren ihesaldiko 26 txirrindulariak, baina talde indartsuenek zuten lehia tarteko, ihesaldiko txirrindulariei ez pasatzeko eskatu zieten zuzendariek.

Errenta behera jaitsi eta azken Lierniko pasaeran, ihesaldia bertan behera geratu zen. Olaberriara bidean 40 laguneko taldetxo bat egin zen aurrean, Orbea eta Ibarguren tartean genituela. Olaberrian lasterketa guztiz puskatu eta hamabost txirrindulariko taldetxo bat geratu zen aurrean; han zen Unai Orbea, baina ezin izan zuen taldetik alde egin, eta esprintean arriskatu zuen guztia. Daniel Viejok (Ciudad de Oviedo) irabazi zuen lasterketa, eta Orbeak hamargarren postuan amaitu zuen, lasterketa bikain bat burututa. Ibarguren, berriz, 48. helmugaratu zen. (Ikus sailkapen osoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide