Ekainean, uztailean eta abuztuan turismoa sustatzeko hainbat ekimen izan da Azpeitian eta Urola Erdian. Turismo sasoia bukatuta, udako datuen balorazio positiboa egin du Iraurgi Berritzen garapen agentziak.
Aurreko urteetako gisan, bailarako turismo bulegoa Loiolako Santutegian izan da uda sasoian, eta orotara 12.058 lagun igaro dira bertatik (iaz baino %28 bisitari gehiago): ekainean 4.164, uztailean 3.186 eta abuztuan 4.708. Bisitari gehienak, %53, espainiarrak izan dira. Frantzia, Portugal, Alemania nahiz Asiako bisitariak ere izan dira turismo bulegoan (%20). Bisitarien %16 Bizkaitik etorritakoak izan dira aurtengo uda sasoian, eta Kataluniakoak %11. Iraurgi Berritzeneko ordezkariek azaldu dutenez, "eskualdean eguna pasatzeko aisialdiko ekintza eta zerbitzuen inguruan galdetu dute bisitari gehienek".
Aurten, gainera, Loiolako Santutegiaren kanpoan zabalik izan da Bost geldialdi historian ekimena sustatzeko informazio gunea. Uztailaren 17tik abuztuaren 31 bitartean izan da irekita, eta 3.000 bat lagun bertaratu dira informazio eske. Iraurgi Berritzenekoek azaldu dutenez, "salmenta kopuruan asko nabaritu da informazio gunea jarri izana".
Bisita gidatuak
Abuztuan abian izan da Azpeitia eta Azkoitiako herriguneak eta ondare historikoa ezagutzeko programa. Hamaika irteera egin dituzte hilabete horretan, eta hitzordu guztietan lortu da gutxieneko lagun kopurua osatzea (zortzi lagun). Guztira, 133 bisitarik hartu dute parte bisita gidatuetan, eta gehienak espainiarrak (85) izan dira. Azpeitiarrek eta azkoitiarrek ere egin dituzte bisitak (34) eta gainerakoak Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako bisitariak izan dira.
Madalenako ospitalea ere zabalik izan da abuztuko asteburuetan, Azpeitiko Udalak eta Jesusen Lagundiak egindako hitzarmena tarteko. 395 pertsonek bisitatu dute ospitale berritua, eta Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, "nabarmentzekoa da bisitarietako 175 azpeitiarrak izan direla". Gainerakoak, Espainiakoak (130), Euskal Herrikoak (81) eta atzerritarrak (9) izan dira.
Datu ofizialen zain badira ere, Burdinbidearen Euskal Museoaren jardueraren balorazio "positiboa" egin du Iraurgi Berritzenek. "Abuztuan tren bidaia gehienak trena beteta zela atera dira, eta mugimendu handia izan da museoan, hilabete guztian zehar". Gaineratu dutenez, Gipuzkoako joerari jarraituz, eskualdeko ostatuek ere %100 betetze maila izan dute.