Emakume bat atxilotu zuten astelehenean herrian, iruzur egiteagatik. Gizon batekin egiten zituen delituak, eta hura identifikatu duten arren, oraindik ez dute atxilotu. Dozena erdi bat iruzur egin dituzte; eta, gutxi gorabehera, 25.000 euro eskuratu dituzte, dirutan eta bitxitan. Euskal Herriko zenbait hiritan eta herritan jardun da bikotea: Zarautzen (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Errenterian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Bilbon (Bizkaia).
Ertzaintzak azaldu duenez, bikoteak beti modu berean egiten zien iruzur biktimei. Gizonezkoak paperik gabeko etorkinarena egiten zuen, eta herritarrei esaten zien loteria tokatu zitzaion arren, ezin zuela dirua kobratu, egoera irregularren zegoelako. Emakumeak, berriz, haurdun zegoela esaten zuen, eta biktimak konbentzitzen zituen loteriako boletoa diruagatik edo bitxiengatik trukatzeko. Horrela, aldi bakoitzeko 500 eta 2.000 euro bitartean lortu dituztela esan du Herrizango Sailak.