Urola Gustagarri ekimenaren bigarren edizioa jarri dute abian Iraurgi Berritzenek eta Urkomek. Oraingoan, Azoka Herritik egitasmoaren baitan antolatu dute, "proiektuak azokaren filosofiarekin bat" egiten duelako. "Ezbairik gabe, Azoka Herritiken eta Urola Gustagarriren ikuspegiek bat egiten dute, eta biak uztartzea bilakaera naturala izan da", azaldu du Jexux Mujika turismo teknikariak.
Horrenbestez, herriko baserritar eta ekoizleak eta sukaldari eta jatetxeetako arduradunek bat egin dute egitasmoa martxan jartzeko, eta herriko hainbat jatetxetako sukaldariek bertako produktu freskoekin egindako errezetak menu berezi batean eskainiko dituzte Azoka Herritiken asteburuan (irailak 19, 20 eta 21) eta iraileko azken asteburuan (irailak 26, 27 eta 28). Bestalde, herritarrek plater horiek prestatzeko aukera izango dute, beharrezko osagaiak Azoka Herritiken barruan, zapatuan, plazan egingo den azoka berezian eskuratu ahal izango dituzte.
Herriko sei jatetxek (Jai-Alai, Kiruri, Mikel Uria, Larrañaga hotela, Sagasti Zahar eta Sanagustin kulturgunea) eskainiko dituzte menu bereziak iraileko bi asteburu horietan, eta jatetxe horietako sukaldariek osatutako menuak eta plateren errezetak jasotzen dituen eskuorriak etxez etxe banatuko dituzte datozen egunetan.
"Bertakoa" sustatu nahi dute Urola Gustagarrirekin. "Bertako produktuei, ekoizleei, euskal sukaldaritzari, herriko jatetxeei eta sukaldariei, baserriei eta ustiategiei, azokei, gure herrietako bizitzari eman nahi diogu balioa", azaldu dute.
Egitasmo bereziak azokan
Bestalde, "bertako produktuak sustatzeko eta ezagutzera emateko nahiz azoka dinamizatzeko" bi ekimen antolatu dituzte Azoka Herritiken barruan. Batetik, Loiolako pipermorroa probatzeko aukera izango da hilaren 20an, zapatua, 12:00etatik aurrera plazan. Azpeitiko eta Azkoitiko landa eremuko lur sail txikietan ekoizten den eta bere karakterizazio morfologikoa duen piperrez egindako pintxoak dastatu ahal izango dira doan. Mikel Uria sukaldariak prestatuko ditu pintxo horiek.
Bigarren egitasmoa umeei zuzenduta antolatu dute. Gaileta ekologikoen tailerra izango da Errezilgo Irure Txiki baserriko kideen eskutik, irailaren 20an, zapatuan, 11:00etatik 14:00etara. Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxeetan izango dute tailerrean izena emateko aukera datozen egunetan, eta sei txandatan banatuko dituzte saioak. Txanda bakoitzean gaileten masa landu, labean sartu eta gaileta poltsatxoak eskuratuko dituzte parte-hartzaileek. Baldin eta aurrez izena ematerakoan plaza guztiak betetzen ez badira, egunean bertan ere izango dute gaztetxoek izena emateko aukera.