Umeen Txirrindulari Eguna ospatuko dute bihar herriko gaztetxoek

Umeen eguneko kartela, informazioarekin.

Bizikletaren jaia 10:00etan hasiko den arren, komeni da 9:30etarako Betharramera azaltzea, dena errazago antolatu ahal izateko. 9 eta 12 urte bitarteko haurrek har dezakete parte; eta, horretarako, beharrezkoa izango da bizikleta eta kaskoa eramatea. 

Umeen Eguna ospatuko da bihar, 10:00etatik aurrera, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak Udalaren eta eskolen laguntzarekin antolatuta. Aurreko urteetan, Urrestilara, Nuarbera eta Aratz Errekara egiten zen ibilaldia, baina aurtengoan aldaketak egongo dira. Hasteko, haurrak bi taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzak bere ibilbidea eta ekintzak izango ditu. Txikienen taldea 9 eta 10 urtekoek osatuko dute (LH3 eta LH4) eta helduagoena, berriz, 11 eta 12 urte bitartekoek (LH5 eta LH6). Lehen taldea, gazteena, Betharramen geldituko da, jolasean, eta bigarrengoek Lasaotik buelta emango dute, bidegorritik. Ondoren, paperak aldatuko dituzte, eta zaharrenek jolasak egingo dituzte, txikienak Lasaora joaten diren bitartean.

Esan bezala, 10:00etan Betharramen hasiko da jaia, baina 9:30ean elkartuko gara, haurrak guneetan banatu eta lanak hobeto egiteko. Amaierari dagokionez, bi leku desberdinetan izango da: LH3koek eta LH4koek plazan amaituko dute, eta LH5ekoek eta LH6koek, berriz, Betharramen. 12:30ak pasatxo amaituko da ekitaldia.

Bestalde, gogorarazi nahi dugu parte hartu behar duten gaztetxoek bizikleta eta kaskoa eraman behar dituztela. Gurasoek ere parte har dezakete, haiek ere kaskoa eta bizikleta ekarriz gero. Laguntza oro eskertuko da, beraz, animatu eta etorri bizikletaz gozatzera! bizikletan ibiltzera! bizikletan bizitzera!

Amaitzeko, Udazkeneko Kriteriuma

Asteburuko lasterketei dagokionez, esan dezakeguna zera da, denboraldiko azkenak direla, baina hala ere, gogotsu eta irabazteko asmoz joango garela. Horrela, hurrengo urterako gogo gehiago bilduko dugu, garrantzitsua baita denboraldia modu on batean amaitzea.

Larunbatean, 16:00etatik aurrera, Larratxoko kaleetan arituko dira gure txirrindulariak, Udazkeneko Kriteriumean. Gainera, sari ikusgarriak jarri dituzte: lehen sailkatuarentzat, mendiko bizikleta; bigarrenarentzat, 350 euro; hirugarren sailkatuarentzat, 150 euro, eta mendiko saria irabazten duenarentzat, beste 150 euro, Oiartzun Bizikletak eta Karabanak dendan gastatzeko.

Igandean, berriz, Ibarran arituko dira txirrindulariak, eta Altzo eta Leaburuko maldei egin beharko diete aurre. Aurreko astean bezala, proba bakoitzeko lehen 15 txirrindulariek puntuak jasoko dituzte, eta sailkapen nagusia egongo da. Udazkeneko Kriteriumeko garailea izango da irabazten duena. Zorte on!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide