Herriko pobrezia neurtzeko azterketa egingo du Udalak, datorren astetik aurrera. SIIS enpresa arduratuko da ikerketa horretaz, eta zoriz aukeratutako herritarrei elkarrizketak egingo dizkie aurrez aurre. Udal Gobernuak adierazi du beraien lehentasuna dela herritarrei "ahalik eta zerbitzu eta laguntza hoberenak" ematea, eta horregatik erabaki dutela azterketa egitea. Gutxi gorabehera, urte amaierarako jakingo dituzte emaitzak, eta argitaratu egingo dituzte.
Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, krisi ekonomikoak Azpeitian sortu duen egoera ezagutu nahi dute. Izan ere, beraientzat garrantzitsua da herritarren bizi-baldintzen berri jakitea. Beraz, herritarrei azterketan parte hartzeko eskatu die Udal Gobernuak; horrela, "benetako egoera" uler dezaten. "Asmoa Gizarte Zerbitzua sailetik indarra eta esfortzua egitea da, ikerketak emandako datuei aurre egiteko", esan du Etxanizek.
Lehendik ere egin dituzte antzeko azterketak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, baina Azpeitia da halako zerbait egingo duen lehen udalerria.