Iritzia: Zorionak Eskozia!

Azpeitiko Udal Gobernuko kideak 2014ko ira. 17a, 14:31

Aste honetan oihartzun gehien izango duen albistea, dudarik gabe, Eskoziatik etorriko zaigu. Izan ere, eskoziarrek 2014ko irailaren 18an euren etorkizuna erabakiko dute. Hain sinplea izango da. Herritarrek Eskoziaren antolaketa politikoa nolakoa izango den erabakiko dute. Bozka bidez, euren iritzia emanez, etorkizuna erabakitzeko aukera izango dute. Ez dago ekintza demokratikoagorik, bakoitzak bere iritziak defendatuz izan arren, herritarrek bozka ematea baino.

 

Guk ere bozkatzea nahi dugulako, inbidiaz jarraituko dugu Eskozian gertatuko dena; baina noski, era berean, poztasunez. Ospatzeko eguna izango da. Gure senide diren eskoziarrengatik poza adierazteko eguna. Horrez gain, guretzat, eta herri gisa euren etorkizuna erabakitzeko bidean diren guztientzat, pauso garrantzitsua izango da. Herri libre bat izatea amesten dugun guztiontzat, bideak irekiz doaz, eta etorkizuna gure esku dagoenaren eta egon behar duenaren inguruko zalantzarik ez dugu. Abian diren bideek ez dute atzera bueltarik.

Arretaz begiratzen badugu, bai Eskozian eta bai Katalunian, herritarrak izan dira prozesu soberanistak gaur dauden tokira eramatearen protagonista. Herritarrek bultzatu izan ez balituzte, ez leudeke independentziarengandik hain gertu. Horregatik, herritarron ordua da, denon ordua. Bakoitzak dagokigun tokitik ekarpenak egiteko ordua da, Euskal Herria euskaldunok nahi duguna izatea baldin badugu helburu, bederen.

Baina oraingoz, behintzat, zorionak eskoziarrei! Zorionak Eskozia!

Azpeitiko Udal Gobernuko kideak: Eneko Etxeberria, Mikel Ibarzabal, Leire Etxaniz, Aritz Epelde, Kontxita Martija, Ainhoa Beristain, Manuel Unanue, Imanol Amenabar, Marijo Iturria, Iñaki Portilla eta Maialen Agirre.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide