Honela, hasieran Imanol Elias zenari eskatu genion 1936.go Azpeitiko Udal Korporazioa eta Udal langileekin zer gertatu zen lantzeko ardura. Imanol, ordurako, gaixotasunak jota zegoen eta pare bat orri pasatu zizkigun, baina lan hori burutzeko nahiko indar ez zuela adierazi zigun. Horregatik, ondoren, Aranzadirekin ekin genion garai horien oroimena berreskuratzen. Eta hutsuneaz ohartuta, Udal hartako kideei omenaldi bat egitea erabaki genuen. Erabakia uztaileko Udalbatzan hartu genuen Udala osatzen dugun guztiok aho batez.
Hori dela eta, Azpeitiko Udalak orduko Udalaren omenez oroimen plaka bat jarriko du, Udaletxe sarreran, ondokoa testuarekin:
"Errepublika garaiko azken korporazio demokratikoari. Herriaren askatasunaren, Errepublikaren eta demokraziaren alde zeuden Jose Antonio Oiarzabal Oiarzabal eta Ciriaco Agirre Zinkunegi alkateei, Antonino Olaizola Etxeberria, Jose Maria Aramendi Estala, Jose Manuel Agirre Etxeberria, Luis Goenaga Odriozola, Demetrio Egiguren Barrutia, Francisco Arregi Etxaniz, Miguel Irureta Peñagarikano, Jose Maria Sorozabal Zulaika, Manuel Olazabal Gurrutxaga, Jose Antonio Altuna Garate, Marcos Urbistondo Zendoia, Jose Antonio Arruti Garagarza eta Emeterio Alberdi Agirre zinegotziei eta udal langileei.
Gaurko azpeitiarrok beraien duintasuna eta oroimena aldarrikatzen ditugu”.
Ezin dugu imaginatu ere egin orduko alkate, zinegotzi eta langileek zer pairatu behar izan zuten. Gure herriaren alde, beren ideiak defendatzeagatik, bizitza arriskatu eta batzutan, eman ere egin zuten. Lana galdu zuten eta jazartuak eta ixilduak izan ziren. Tropa frankistak eta beraien laguntzaileek berehala hartu zuten herriak aukeratuen lekua. Garai gogorrak izan ziren, Loiolan Euzko Gudarostea genuen Kandido Saseta komandantearen agindupean, gudariek atzera egin beharra izan zuten, eta Elgoibarren orain gogoratzen ari diren San Migeleko gudan geratu zituzten, aldi baterako, tropa frankistak.
Urteetan gogoan izan ditugu, noski gogoan izan ditugula, baina ezkututik azalera ateratzeko ordua da. Alkate, zinegotzi eta langile ahaztuak gogoratzeko garaia da. Frankismoak erail, kartzelaratu, torturatu, erbesteratu eta errepresaliatu guztien oroimenez ere egingo dugu ekitaldia.
Hain urruti ez dagoen irailaren 20a batean izan zen...
Eneko Etxeberria, Aitor Gorrotxategi, Aitor Aranguren, Mikel Ibarzabal, Aritz Epelde, Leire Etxaniz, Itziar Lasa, Kontxita Martija, Manuel Unanue, Josetxu Aizpuru, Marijo Iturria, Nerea Aldai, Ainhoa Beristain, Iñaki Portilla, Onintza Etxeberria, Imanol Amenabar eta Maialen Agirre (2014ko Azpeitiko Udalbatzako kideak).