Sokaitz eskalada elkarteak bilera irekia egingo du, lokal berriaren funtzionamendua azaltzeko

Uztarria.eus 2014ko irailaren 24a

Sokaitz eskalada elkarteko kideak, lokalean.

Hitzordua ostiralean 19:30ean izango da, Damaso Azkue auzoko lokalean. Bilera irekia egingo dute herritarrentzat, eta lokalaren ezaugarriak eta beraien funtzionatzeko modua azalduko dituzte. Interesa duen edonorentzat antolatu dute aurkezpena.

Sokaitz eskalada elkarteak lokal berria aurkeztuko du ostiralean, hilaren 26an, 19:30ean. Lokala Damaso Azkue auzoan dago, Gaztetxearen ondoan, eta gonbidatuta daude eskalatzea gustuko duten edo interesatuta dauden herritarrak. Sokaitz elkarteak adierazi duenez, "herritarrentzat bilera irekia izango da, lokalean ibili nahi dutenei hango arauak eta lana egiteko modua azaltzeko". 

Gaur egun, 65 pertsonek osatzen dute Sokaitz eskalada elkartea, eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herritarrak daude haien artean. Azken 12 urteetan, errentan zuten lokal batean ibili dira eskalatzaileak, baina duela gutxi pasatu dira Damaso Azkueko lokalera, Udalarekin elkarlanean hura moldatu ostean. Beraz, Sokaitzeko kideek elkartearen zati izateko eta bertako baldintzak ezagutzeko aukera eman nahi diete herritarrei. Horretarako probestuko dute ostiraleko "bilera irekia", informazioa eskaintzeko.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide