Azoka Herritiken balorazio positiboa egin du Udalak

Uztarria.eus 2014ko irailaren 25a

IƱaki Portilla zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak egin dute balorazioa.

"Balorazio sakonagoa antolakuntzan aritu diren eragileekin" egingo dutela jakinarazi duten arren, azokako parte-hartzea "oso handia" izan dela azaldu dute Iñaki Portilla Merkataritza zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak. Azokaren antolakuntzan-eta parte hartu duten eragileei eskerrak eman dizkiete.

Bukatu berri den Azoka Herritik egitasmoaren balorazioa egin dute Iñaki Portilla Merkataritza zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak, "balorazio sakonagoa antolakuntzan aritu diren eragileekin" egingo dutela jakinarazi duten arren. Portilla eta Etxeberriaren ustez, "herriko eragileen iritziek pisu handia izango dute egin beharreko hobekuntzetan, beraiek gabe ezinezko bailitzateke horrelako azoka antolatzea".

Udal gobernuko kideek esan dutenez, azokako parte hartzea "oso handia" izan da: "Jendetza izan da, eta jendetza horrek gure azokan kontsumitzeaz gain, tabernetan, jatetxeetan eta komertzioetan ere kontsumitu du, herriko tabernari eta merkatarien mesederako. Finean, ekonomia aktibatuz".

Alkateak adierazi du antolatu diren ekimenak "ugari" izan direla, eta antolaketan eta parte-hartzen ibili diren eragile guztiekin "zorretan" daudela: "mila-mila esker Azoka Herritiki egin diozuen ekarpenagatik. Azokaren bihotza zarete". Portillaren aburuz, "beste behin ere argi geratu da Azpeitia eta azpeitiarrak oso bizirik eta mugimenduan daudela. Harro egoteko moduko herritarrak ditugu, ilusio honekin eta sare horiekin jauzi kualitatibo handiak ematen ari gara, herri bezala ekonomia krisiari aurre egiteko".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide