Agustin Jimenez: "Kanta entzun errazak eta ezagunak plazaratuko ditugu"

Agustin Jimenez, Azpeitiko Metal Boskoteko kidea burubelarri ari da lanean, asteburuan herrian egingo den V. Tuba Jaialdia prestatzen. Laguntza handia jasotzen dute astebururako, eta eskertuta daude. Beraien formazioan sakontzeaz gain, tuba eta bonbardinoa herritarrengana gerturatzea dute xede. "Jendea animatu nahi dut prestatu ditugun kontzertuetara joateko. Kanta entzun errazak eta ezagunak joko ditugu".

Zer berezitasun izango du aurtengo Tuba jaialdiak?
 
Lehena, pianoz lagunduriko entzunaldia, Soreasu antzokian izango dela. 2013. urtean egin genuen lehen entzunaldia, eta etortzen diren maisuen maila kontutan harturik, entzunaldia Soreasura eramatea pentsatu dugu.
 
Bigarren berezitasuna, konferentzia bat eskeiniko duela, Gijongo tuba irakasle, David Muñozek. Konferentzia arnasketak airezko musika tresnetan duen garrantziaz izango da. Soreasu antzokian izango da eta irekia da partaide eta entzulehentzat.
 
Hirugarren berezitasuna, Tuba Banda kontzertua, Plaza txikira eramango dugula edo eta euria bada (badirudi ezetz) Sanagustin Kulturgunera. Azken bi kontzertuak Soreasu antzokian izan dira eta ikuslego gutxi joaten zenez, kalera eramatea pentsa dugu kontzertua, beste Tuba Jaialdietan egiten duten bezala.
 
Azkenik, kontzerturako kanta berezi bat prestatu dugu Azpeitiko Musika eskolako umeen abesbatzarekin. Polita izango da elkarlan hau.
 
Norentzat da jaialdia, musikarientzat edo publikoarentzat?
 
Jaialdia hau, musikari zein entzuleentzat dago egituratuta. Ekintza desberdinak egiten ditugu. Horietako batzuk, gure afizioa eta musikalitatea lantzeko eta beste batzuk, ikasle, afizionatu eta musikari profesionalen maisutasuna, entzunlegoari eskeintzeko.
 
Aurretik izena eman behar al da?
 
Bai, parte hartzeko beharrezkoa da izena emtea, hamaiketako eta bazkaria antolatzeko eta baita ere musikari guztientzat partiturak egokitzeko.
 
Noiz eta zergatik hasi zineten Tuba jaialdia egiten?
 
2010. urtean hasi ginen Tuba Jaialdia egiten. Tuba eta bonbardinoa (tuba tenorra) ez dira inoiz musika tresna oso ezagunak izan. Musika tresna hauek, gehiago ezagutaraztea izan dugu helburu eta gure orkestra, kontserbatorio eta bandetako musikari profesionalak, musikari afizionatuei gerturatzea izan zen lehen helburuetako bat. Gaur egun helburu berdinekin jarraitzen dugu eta urtez urte gure proposamenak betetzen eta beste leku batzuetara heltzen hari dira.
 
Azpeitiko metal boskotea noiztik dago martxan?
 
2003. urtean sortu genuen taldea, kontzertuak eta metal airezko musika ekitaldiak lantzeko. 

Nola sortu zineten eta ze ibilbide egin duzue?
 
Azpeitiko bandako lau kide eta Azkoitiko bandako beste lagun bat elkartu ginen, metal boskoteko musika lantzeko. Beti izan dugu gustoko formazio mota hau, musika lantzeko eta kontzertu bereziak eskeintzeko aukera ematen baitu.
 
Gure ibilbidean, musika mota eta gai desberdinetako kontzertu eta ekitaldiak egin izan ditugu. Musika klasikoa, musika garaikedeagoa (film edo talde ezagunen kantaz), Txistulari alardeak, ezkontzatan musika, organoarekin kontzertua, gabon kanten kontzertua etab. Azken urteetan, euskal kantez osaturiko emanaldi bat borobildu nahian gabiltz eta aurten, urtea amaitu aurretik nahiko genuke kontzertu hau eskeintzea Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide