Elosun ekingo diegu aurtengo Dantza Jauziei, igandean

"Erdizka lauetan, pika eta dobla!" Dantza Jauzien saioak hastera doaz berriz ere. Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak eta Ikasberriko Dantza Eskolak Azpeitiko Kultur Mahaiarekin eta Sanagustin Kulturgunearekin elkarlanean abiatu genuen aurreko ikasturtean Dantza Jauzien proiektua, eta aurten ere jarraitzekotan gara. Igandean izango da aurreneko saioa, Pilarika eguneko feria izaki, Elosun egingo dugu, jai giroan. 12:15ean hasi eta 13:00ak arte. Gerturatu begiratzea eta probatzera!

Azken hamarkadetan, 30 bat urtetik hona, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoan tradizio handia izan duten Dantza-jauziak izeneko dantzen berpizkundea bizitzen ari gara. Dantza atsegin, erraz eta jendeekikoak dira. Herriko plazetan eta borobilean dantzatzen direnak, gazte zein helduk, emakume zein gizonek. Mota desberdin asko biltzen dira Dantza-jauzien baitan, besteak beste, Iparraldean, Azkaindarrak, Milafrangarrak, Ostalertsa, Muneinak, Mutxikoak.. izenez ezagutzen direnak.

Hegoaldeko herri askotan iparraldetik datorren tradizio hori ikasteko saioak egiten ari dira. Herri batzuetan galdu ezin den hitzordu bihurtzeraino, Donostia, Irun eta inguru horietan adibidez. Azpeitian ere bidea urratzea erabaki genuen iaz, eta halaxe egin genuen. Otsailetik maiatzera bitartean, hilero egin genituen saioak, hilaren bigarren asteburuetan.

Aurreneko ekinaldiaren balorazio ona egin dugu: giroa sortu genuen herrian, eta jendea Dantza Jauziak ezagutzen hasi zen. Hala ere, begiratzera bai, baina dantzara jende gutxitxo gerturatu zen. Ea aurten lorten dugun jendeak begira egotetik dantzarako urratsa egitea!

Lau saio egingo ditugu aurten. Udazkenean egingo ditugu bi: igande honetan Elosun aurrena; azaroaren 9an bigarrena; eta beste bi saio udaberrian egingo ditugu: apirilaren 12an eta maiatzaren 10an. Guztiak ere 12:00etan egingo dira, eta gehienean, Azpeitiko Alde Zaharrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide